Lazkaon gertatutako eraso arrazista salatu du GKSk
Azpimarratu dute ezinbestekoa dela halako erasoak salatu eta erasotzaileei aurre egitea. Larunbateko manifestazioetarako deia ere zabaldu dute.
Abenduaren 28an Lurraldebuseko autobus gidari batek Lazkaon jasandako eraso arrazista salatzeko eta erasotuari babesa helarazteko elkarretaratzea egin du, astelehen honetan, Goierriko Gazte Koordinadora Sozialistak Arrazakeria Borrokatu lelopean. Lanean ari zela izandako zirkulazioko tirabira baten ondoren eraso fisikoak zein irainak jasan behar izan zituen gidariak, azken hauek bere azal kolore beltzaranean eta jatorrian oinarrituta.
Emandako eraso hau gizartean ematen ari den “jarrera erreakzionario eta arrazisten gorakadaren” adibide bat gehiago bezala ulertzen dutela adierazi dute bidalitako oharrean: “Halakoak instituzioetan, sare sozialetan zein kaleetan geroz eta gehiago zabaltzen eta indartzen ari dira”. Azpimarratu dute ezinbestekoa dela halakoak salatu eta erasotzaileei aurre egitea, geroz eta hedatuago dauden jarrera hauek “tokirik izan ez dezaten”.
Larunbatean Bilbora joateko deia
Zentzu horretan, larunbatean gerraren eta faxismoaren aurka Bilbon eta Iruñean deitu dituzten manifestazioetara batzeko deia egin dute. Faxismoa “bizirik” dagoela salatu dute: “eskuin muturra botere instituzionala metatzen ari da, kalean faxisten presentzia normalizatzen ari da, eta sare sozialetan gero eta gehiago dira langileen, emakumeen zein migranteen aurkako mezua duten erabiltzaileak”.
18:00etan abiatuko da lehen manifestazioa, Bilboko Jesusen Bihotza plazatik, eta ordubete geroago irtengo da Iruñekoa, Gaztelu plazatik. Goierritik ere autobusak antolatu dituzte: Beasaingo tren geltokitik, Ordiziako tren geltokitik, Legazpiko autobus geltokitik eta Zumarragako tren geltokitik abiatuko dira arratsaldeko 16:00etan.