Ezkioko lotunearen aldeko jarrera berretsi du Eider Mendozak
Gipuzkoako Diputatu Nagusiak Espainiako Gobernuari eskatu dio Altsasu eta Ezkio arteko tarteko laginak egin ditzan.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, “epe luzeko begirada” eskatu du Euskal Y-aren eta Nafarroaren arteko lotura erabakitzeko garaian, “arinkeriaz” egindako eta “epe motzeko ikuspegian” oinarritutako jarreren aurrean. Halako jokabideak hizpide hartuta –Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak astelehenean egindako adierazpenengatik ari da Mendoza–, konexio hori Ezkio geltokian gauzatzearen aldeko jarrera berretsi du eta aurreratu du “irmotasunez” jarraituko duela “Gipuzkoaren eta gure herriaren etorkizunaren defentsan”. Horregatik, Madrili dei egin dio Altsasu eta Ezkioarteko laginak egin ditzan eta eskatu dio “argitasuna, informazioa eta ez dadila erabakia epe laburrean pentsatuz bakarrik hartu”.
Ezkioko lotura “laburragoa eta, denborak murrizten dituelako, lehiakorragoa” dela uste du Mendozak. “Beraz, deskarbonizazioan gehiago eragingo du, errepidetik ibilgailu gehiago aterako dituelako. Gainera, ingurumenaren ikuspegitik, inpaktua txikiagoa da eta ez du saturazio arriskurik. Eta hala ere badira eraikitzearen kostu ekonomikoan soilik zentratzen direnak”, gogoeta egin du. “Hori akats larria litzateke”, bere iritziz, eta hori dela eta “beharrezko” jo du gaia epe luzeko begiradarekin lantzeko, datozen “150 urteetara begira herrialdearen apustu estrategikoa” delako. “Funtsezkoa da Gipuzkoaren eta Euskadiren etorkizunerako. Mediterraneoarekin, arku atlantikoarekin eta Europarekin modu iraunkor eta azkarrean lotuko gaituen azpiegituraz ari gara”, gehitu du.
Azken egunotako adierazpenen norabidea ikusita, bestalde, Eider Mendozak bilera eskatu dio Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko ministroari, Aldundiaren posizioaren berri aurrez aurre eman ahal izateko.