Zeraingo Udalak Aizpeako meatze gunerako diru laguntza garrantzitsua eskuratu du
Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak emandako diru laguntza da. Guztira, 104.000 eurotik gorakoa da, 2026-2027 aldian erabiltzeko.
Zeraingo Udalak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzaren Kutura Sailak 104.042 euroko diru laguntza eman dio 2026 eta 2027 urteen artean Aizpeako Meatze Barrutia balioan jartzeko lanekin jarraitzeko. Zeraingo Udaletik gogorarazi dutenez, ondare gune hori “monumentu multzo izendatuta dago 2008az geroztik”.
Aizpeako meatze barrutiaren ondaren multzoa “Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ikusgarrienetakoa eta baloratuenetakoa da”. Meatzaritza jarduera bertan behera utzi ondoren, instalazioak kontserbazio egoera onean iraun dute, babestuta; meatze paisaiaz gain, “balio handiko meatze ingeniaritzako egitura interesgarriak” ere biltzen ditu. Egitura hoiek hain zuzen, meatzaritzaren ekoizpen sistema osoa ulertzeko aukera ematen dute, “mineralen erauzketa, tratamendua eta garraioa” barne.
Aurrera begirako proiektuak
Eusko Jaurlaritzako diru lagutza honi esker, 2027ra bitartean Zeraingo Udalak hainbat jarduera burutuko ditu bertan; tartean, “Aizpitako kaltzinazio eta bidalketa lantegian kokatutako ondarea egitura balioan jartzea” nabarmendu dutelarik; batez ere ingelesen garaiarekin lotutakoak.
Aldi berean, datozen hiru urteetan, meatze barrutiaren zabalkunde orokorra landuko dute. Horretarako, “ibilbide autogidatu baterako seinaleztapena landuko da, eta hedapen digitala ere bultzatuko da”. Ildo horretan, “bisita birtuala, QR kodeak eta teknologia berrietan oinarritutako beste baliabide batzuk” garatuko dituzte. Zerain Paisaia Kulturala museoa garatzen ere jarraituko dute aurten; horretarako web gune bat sortuko dute eta bisitariei eskaintzeko bideo bat ere ekoitziko dute.
Ekimen hauekin udalak “bere kultur ondarearen eta meatzeen kontserbazioarekin, zabalkundearekin eta balioan jartzearekin duen konpromisoa berresten du, lurraldeko erreferente historiko eta turistiko gisa sendotuz”.













