Mendizale beasaindar baten gorpua aurkitu dute Aiako Harrietan
Igandean mendira atera eta etxera itzuli ez zenean jakinarazi zuten senideek haren desagerpena. Mendizalea Iban Apaolaza da, BERRIAko dokumentazio arduraduna. 54 urterekin zendu da.
54 urteko mendizale beasaindar baten gorpua aurkitu dute gaur goizean Oiartzunen, Aiako Harrietan. Biktimaren familiak atzo gauean jakinarazi zuen haren desagerpena, goizean mendira irten eta etxera itzuli ez zenean. Gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du hilda topatu dutela. Hildakoa Iban Apaolaza da, BERRIAko dokumentazio arduraduna.
Bart gauean jarri zituzten martxan bilaketa lanak, Errenteriako ertzain-etxeko errekurtsoekin, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko helikopteroekin, suhiltzaileekin, udaltzainekin eta Gurutze Gorriarekin koordinatua. Antza, gorpua zegoen lekura iristeko zailtasunak zirela eta, Ertzaintzaren helikopteroak esku hartu behar izan du. Gorpua Donostiako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egiteko.
Apaolaza BERRIAko dokumentazio arduraduna zen. Egunkariko edukiak eta argitalpenak artxibatu, katalogatu eta dokumentatzeaz arduratzen zen. BERRIAn 2024an hasi zen, baina aurretik beste hainbat komunikabidetan ere jardun zuen kolaboratzaile gisara. Oiartzun irratian, besteak beste, Literhari irratsaioan.
Soziologian eta Antropologian lizentziatua zen, eta Ingeles ikasketetan ikasle eta Soziologian doktoregaia zen. Graduondokoa zuen Idazle Eskolan ere. Hain zuzen ere, idatzizko hainbat lan eman zituen argitara, ipuinak batez ere. Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak kaleratu zuen 2023an, gerraostean oiartzuarrek arto irina lortzeko inguruko herrietara egiten zituzten bidaietan oinarritutako narrazioa. Preso zela komiki bat ere argitaratu zuen: Hablando con (la) lluvia du izena. Espetxeetako lehiaketa baterako egindako komikia da, eta lehen saria jaso zuen.
Izan ere, euskal presoa zen Apaolaza. 2007ko ekainean atxilotu zuten, Quebecen. 2008an Espainiaren esku utzi zuten, eta ETAko kide izatea egotzita epaitu; 123 urteko zigorra ezarri zioten. Ez zen EPPK-ko kidea.













