Venezuelaren aurkako erasoak salatu dituzte Beasainen
Beasaingo Ernaik deituta, atzo elkartu ziren hamarnaka herritar Erauskin plazan, 'Venezuela aurrera' lelopean.
Atzoko elkarretaratzeko irudia, Beasaingo Erauskin plazan.Ernai Venezuelaren aurkako erasoak salatu dituzte Beasainen. Atzo, Beasaingo Ernaik deituta eta Venezuela aurrera aldarripean, Erauskin plazan batu ziren hamarnaka herritar.
Eraso horiek “kasualitatea ez” direla nabarmendu dute: “Venezuelako Errepublika Bolivartarra bonbardatua izan da Miranda, Aragua eta La Guaira estatuetan, baita Caracas hiriburuan ere eta Nicolas Maduro eta Cilia Flores bahituak eta lurraldetik kanporatuak izan dira AEBetan epaituak izateko delitu penalak egotzita. Eraso hau ez da kasualitatea: munduko ordena aldatzen ari den testuinguruan, eskuin muturrak beste behin ere ezkerreko proiektu iraultzaileak suntsitzeko saiakera bezala ulertzen dugu”, azaldu du Ezker Abertzaleko gazte antolakundeak.
Erasoen muin nagusia “interes neoliberalak” direla argi dute, herrialdeak dituen baliabideak eskuratzeko helburuz eginak: “Petroleo erreserba izugarria du Venezuelak eta honen jabe egin nahi dute Estatu Batuek, prentsaurrekoan esplizituki azaldu zuen bezala Trumpek”.
Horren aurrean, Ernaik nabarmendu du “Venezuelako herritarrei dagokiela, eta ez beste inori, etorkizunean zer izan nahi duen erabakitzea”.













