Amaiur Landak garaipen bikoitza lortu du Ezkioko pilota txapelketan
Ezkioko pilota eskolak antolatzen du urtero txapelketa. Atzo jokatu zituzten finalak Ezkioko frontoian. Guztira, pilota eskoletako 20 haurrek hartu dute parte.
Ezkioko pilota eskolak antolatuta Eguberrietako pilota txapelketak jokatu dituzte aurten ere Ezkion. Abenduaren 31n ekin zioten txapelketari, kanporaketekin eta atzo jokatu zituzten finalak, Ezkioko pilotalekuan. Pilota eskolako haur eta gaztetxoei pilotan jokatzeko aukera bat ematea da txapelketaren helburu nagusia, baita herrian giroa sortzea ere.
Modalitate eta maila ezberdinetan jokatu da txapelketa; kimu eta benjamin mailetatik hasita haurren kategorietara arteko pilotariek hartu dute parte eta bikoteka zein banaka aritu dira, pilota goxuan, kaiola formatuan nahiz pilota tradizionalean. Guztira, 18 haurrek hartu dute parte.
Ezkioko pilota eskolako Joxe Mari Gabilondok azaldu duenez, berezia da Ezkioko frontoia: «Eskuin hormadun frontoia da, oso frontoi berezia. Gutxi daude horrelakoak Euskal Herrian». Berezitasun hori dela eta hasi ziren Gabonetan kaiolako pilota txapelketak antolatzen, «ezker horma frontis bezala erabiltzen dugu eta esparru txikiago batean jokatzen dute pilotan. Horrela hasi ginen kaiolako pilota txapelketa antolatzen orain urte batzuk», azaldu du. Kaiolakoarekin batera, eskuin hormarekin jokatzen den bikotekako txapelketa «ohikoagoa» ere egiten dute.
Kanpoko jokalariak
Gaur egun 20 haur aritzen dira Ezkioko pilota eskolan eta txapelketarako bakoitzaren mailaren arabera antolatzen dituzte bikoteak, orekatuak izan daitezen. «Gaztetxoenen kategorian benjaminen eta kimuen mailakoak nahasten ditugu; bikoteka aritzen dira hauek. Bestalde, kimu eta haur kategorietako pilotari batzuk pilota goxuan jokatzen dute. Ez daude federatuta eta Ezkion bakarrik jokatzen dute», azaldu du.
Ezkioko pilota eskolaren eskariz, beste herri batzuetako eskoletako hiru haurrek ere parte hartu dute Ezkioko txapelketan, «bikoteak orekatzeko»: Urretxuko pilota eskolatik Eki Arteta, Zumarragako Belokitik Pablo Mendizabal eta Beasaingo Murumenditik Amaiur Landa.
Sariak guztientzat
Finalak jokatuta, Sara Azpeitiak eta Ekain Iturriotzek osatutako bikoteak irabazi du benjaminen eta kimuen mailako txapelketa. Pilota goxuan, Aner Unzurrunzaga eta Mattin Ugarteburu gailendu dira; haurren kategorian bikoteka Amaiur Landa eta Amets Gabilondo izan dira irabazleak eta kaiolakoan Amaiur Landa.
Izatez, Landa aurtengo txapelketako aurkikuntza izan da, garaipen bikoitzarekin. «Ezkioko pilota eskolaren helburuetako bat da neskak pilotara erakartzea. Beti ematen du neskak mutilen atzetik dabiltzala, baina aurtengo txapelketan justu kontrakoa gertatu da. Neskek ere pilotan egiten dutela erakutsi du Amaiurren garaipen bikoitzak, eta oso ondo gainera», azpimarratu du Gabilondok.
Landaren garaipenak badu azpimarratzeko beste datu bat ere; orain arte Ezkion antolatu diren kaiolako txapelketa guztiak Amets Gabilondok irabazi baititu; baina aurten, lekukoa hartu dio Landak.
Ezkion, baina, ez dago galtzailerik eta txapelketan parte hartu duten haur guztiek jaso dute Argindegi ostatuan gastatzeko 15 euroko bale bat. Bide batez, Ezkioko pilota eskolak eskerrak eman dizkie, Argidengi ostatuari ez ezik, Ezkioko Udalari ere, txapelketa antolatzen laguntzeagatik. Pilota eskolaren hurrengo txapelketa, Ezkioko San Migel jaien atarian izango da.



















