Azala hizkuntza bihurtzen denean
Umetatik marrazketari lotuta, tatuajea ogibide bihurtu du Iñaki Gonzalez ‘Axio’ beasaindarrak. Autodidakta gisa hezi zen, eta gaur egun Behin Betiko tatuaje estudioaren arduraduna da. Tatuajea estetikatik harago, hizkuntza pertsonal eta sozial gisa ulertzen du.
Iñaki Gonzalez ‘Axio’, Behin Betiko tatuaje estudioan, Beasainen.Ariane Vierbücher Beasaingo Zaldizurreta kaleko hirugarren zenbakian, Behin Betiko tatuaje estudioko atea irekitzean, arte iraunkorraren mundu bat zabaltzen da. Bertan dago Iñaki Gonzalez Axio (Beasain, 1991), estudioko arduraduna eta sortzailea. Txikitatik marrazketarako zaletasun handia izan duen gazte honek, musikaren estetikak erakarrita, tatuajearen bidea hartu zuen. Aurten, bederatzi urte beteko dira estudioa ireki zuela.
Axioren istorioa tatuajeekin umetan hasten da. «Betidanik marraztu izan dut, nahiz eta klase formalik hartu gabe. Nire kasa ordu asko eta asko pasatzen nituen, eta pixkana tatuajearen mundura gerturatu nintzen», kontatu du. Musika izan zen giltzarria: entzuten zituen taldeetako musikariak tatuatuta ikusita, estetika horrek erakarri zuen. «Hasieran inongo intentziorik gabe, eta azkenean nire ogibidea sortu da», gehitu du.
20 urterekin, lehen tatuatzeko makina oparitu zioten, eta hortik aurrera praktikatzen hasi zen. «Harategira joaten nintzen txerriaren azala eskatzera, frutatan ere probatu nuen, eta lehenengo tatuajea nire buruari egin nion: eguzkilore bat. Oso itsusia da, baina 16 urte igaro dira eta hortxe dago». Formakuntzari dagokionez, Axiok dio «lehenik eta behin beharrezkoa» dela mundu horretan murgiltzen hastea: «Gustua izan, interesgarri ikusi, tatuajearen historia ezagutu, sinbologia, eta gustuko tatuatzaileekin tatuatu. Haien lana ikusi, galderak egin, eta praktiktzen hasi». Bere belaunaldiko tatuatzaileek horrela ikasi dutela dio, eta etengabe ikasten jarraitzen dutela.
Behin Betiko
Lehen urrats profesionalak Beasaingo Eki Tattoo estudioan egin zituen. «Gauzak nahiko txukun egiten hasi nintzenean, bertan lau urte egin nituen. Ondoren, Behin Betiko zabaldu nuen».
Zergatik ‘Behin Betiko’? Axiorentzat, izenak esanahi sakona du. «Euskarazkoa jarri nahi nuen, bertako nortasuna adierazteko. Gainera, Elgetako musika talde batek abesten zuen kanta batean agertzen zen esaera hori, eta indar handia zuela iruditu zitzaidan: behin eta betirako. Tatuajeekin lotura zuzena du».
Behin Betiko Estudioak askotariko zerbitzuak eskaintzen ditu: tatuajeak eta piercingak, egunero irekita dagoenean. Lan taldea hirukoa da: Ana Mosella, Ander Barruso, Mikel Aginagalde eta Axio bera. «Anak piercingak ere egiten ditu orain, eta laurok tatuatzen dugu. Gehien gustatzen zaigun estiloa tradizional amerikarra da, baina guztiak jorratzen ditugu». Talde honen artean, estilo aniztasuna eta pasioa dira nagusi.
Sentimenduak irudikatzen
Bezero bat atetik sartzen denean, prozesua argia da. «Onena da etortzen den pertsonak nahiko argi edukitzea zein estilo nahiago duen. Askok etxeko lanak eginda ekartzen dituzte, erreferentziak eta guzti. Beste batzuk ideia batekin datoz eta guri uzten digute lana». Gorputz atala zehaztu ostean, tatuatzera pasatzen dira.
Axiori, bezeroak ideia bat ekartzea eta berak irudikatzen uztea gustatzen zaio gehien. «Urteetan sinbologiari buruz ikasi dugun guztia erakusten uzten digulako». Tatuatzen ari denean, musika ezinbestekoa da: «Beti musika». Lan hau oso soziala dela dio, eta hori da bere alderik politena eta garratzena. «Pareta hauek hitz egingo balute… Tatuajeek karga estetikoa izateaz gain, sentimental izugarria dute».
“Tatuaje on bat da urteak pasa ahala ondo ikusi eta irakurtzen jarraitzen dena”
Iñaki Gonzalez ‘Axio’. Tatuatzailea
Erronkak eta anekdotak
Urte hauetan, gauza zoro asko eskatu dizkiote. «Beti gogoratzen naiz batekin: jainkoaren irudi bat, tatuatu zenaren aurpegia zuen jainkoak, eta AK-47 bat eskuetan». Ezezkoa ere esan izan du, bezeroaren eskaria zaila bada edo ongi sendatuko ez bada. «Beste tatuatzaile batengana bideratu izan dut, edo ideia sintetizatu, azala hazten doala kontuan hartu behar da. Tatuaje on bat urteak pasa ahala ondo ikusten dena da».
Gaur egun, tatuatutako pertsonen profila asko zabaldu da. «Kaleko tribuetatik atera da, eta demokratizatu egin da. Edozein adin eta klase sozialetako jendea dago tatuatuta. Telebista, jende famatua, sare sozialak eta globalizazioa izan dira giltza». Honek, ordea, bi alde ditu: «Batzuetan esentzia pixka bat galdu egin dela iruditzen zait, baina jende gehiagok tatuatu nahi du. Hala ere, geroz eta jende gehiago dago tatuatzen».
Ogibidea, bizimodua
Axiorentzat, tatuajea «ogibidea da lehenik, beste edozein bezala. Bizimodu bat da tatuatzea, bizi estilo bat. Baita sareak sortzea ere, eta konpartitzea». Tatuatzaileen arteko harremana ere berezia da Axiok kontatzen duenez: «Lagun asko ditut mundu osoan zehar; Mexikon, Kalifornian, Italian, Ingalaterran… Egon naiz lanean eta konexio polita sortzen da, batez ere estilo berekoen artean». Dioenez, horrela ikasi du gehien.
Behin Betiko estudioan, Axio eta bere taldeak arte iraunkorra eskaintzen jarraitzen dute, bezero bakoitzaren istorioa azalean grabatuz. Beasainen, tatuajea ez da soilik moda, baizik eta identitate eta pasioaren adierazgarri. Axioren hitzek argi uzten dute: mundu honetan, behin eta betirako da dena.













