'Escape room', Antzerki Garaia irekitzeko
Euskaraz da 'Escape room', zikloko lehena. Ostiralean Beasaingo Usurbe antzokian izango da, 20:30ean.
'Escape room' antzezlaneko irudi bat.Txalo Produkzioak Ostiralean, Escape room antzezlanarekin irekiko dute 2026ko Antzerki Garaia zikloa. Beasaingo eta Ordiziako udalek elkarlanean antolatu dute aurtengoan ere, kultur eskaintza indartzeko apustua berretsiz. Zortzi antzezlan izango dira guztira; sei euskaraz eta bi gaztelaniaz.
Euskaraz da Escape room, zikloko lehena. Beasaingo Usurbe antzokian izango da, 20:30ean. Joel Joan eta Hector Claramunt dira egileak, eta Martin Agirrek egin du itzulpena. Ekoizpena Txalo Produkzioak ekoiztetxearena da. Zuhaitz Gurrutxaga, Oihana Maritorena, Nerea Gorriti eta Iñigo Aranburu igoko dira oholtzara, baita Xabier Agirre aktore gonbidatua ere, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean.
Inguruko auzo bateko kontenedore batean gizon baten gorpua zatituta azaldu da, eta lau lagunek –bi bikotek– escape room bat egiteko hitzordua egin dute. Ondo pasatuko dutela pentsatzen dute, baina bat-batean atea kolpetik itxiko da eta jokoa infernu bihurtuko da, haien arteko harremana hankaz gora jarriz. Komedia bat da.
Hurrengo emanaldia Ordizian izango da: Etxea, Herri Antzokian, urtarrilaren 23an. Otsailean bi, martxoan bi, eta apirilean beste bi antzezlan eskainiko ditu zikloak. Emanaldi bakoitzerako sarrera 12 euroan dago salgai; Ordizian direnak Herri Antzokiko leihatilan edo Kutxabanken eros daitezke, eta Beasainen direnak, aldiz, usurbe.eus webgunean edo antzokiko leihatilan.













