Ostiralean ekingo dio Lemniskatak matematikaren hilari
Lau hitzaldi izango dira ‘Urtarrila, Matematikaren bila’ zikloan. Pedro J. Mianak zirkuluak eta esferak izango ditu hizpide, 19:00etan Igartzako jauregian.
Marta Macho matematikaria, iazko zikloko hitzaldietako batean.Lide Egizala 2026an 15. denboraldia beteko du Lemniskatak. Urteari hasiera emateko, Urtarrila, Matematikaren bila zikloa prestatu dute aurten ere. Lau hitzaldik, XII. Matematika argazki lehiaketako sari banaketak eta argazki erakusketak osatuko dute zikloa. Ostiralean hasiko da, Pedro J. Mianaren hitzaldiarekin. Hitzaldi guztiak Igartzako jauregian izango dira, 19:00etan.
Matematika katedraduna eta Zaragozako Unibertsitateko Matematika eta Aplikazioen Unibertsitate Institutuko zuzendaria da Miana. Leniskatak azaldu duenez, 75 ikerketa-artikulu baino gehiago argitaratu ditu, eta nazioko eta nazioarteko hitzaldi ugari ematera gonbidatu dute. Egonaldiak egin ditu Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Frantzian, Alemanian eta Txilen, besteak beste. Matematicas de lo cotidiano liburu kooperatiboaren koordinatzailea ere izan da, eta hainbat erakusketa eta hedabidetan kolaboratu du.
Zirukuluak eta esferak izango ditu hizpide urtarrilaren 9an. Gailetekin, txanponekin, estoldekin, pasta-neurgailuekin, laranjekin edo sandiekin plantea daitezkeen forma geometrikoen eguneroko hainbat arazori buruz hausnartzera bideratuko ditu entzuleak De circulos a esferas: rodando por la vida hitzaldian.
Lazkaon eta Ordizian ere bai
Urtarrilaren 16an, berriz, Osane Oruetxebarriak D’Alambert-engandik Neomak-engana Matematikaren eskutik mintzaldia eskainiko du, urtarrilaren 23an Inmakulada Arostegi jarduera fisikoak bizi kalitatean duen eraginaz ariko da, eta urtarrilaren 30ean izango da azken hitzaldia: Aniceto Murillo Masen Los fractales nos invaden.
Hileko azken ostiralean ere, urtarrilaren 30ean, 19:00etan egingo dute XII. Lemniskata Nazioarteko Matematika Argazki Lehiaketako sari banaketa Igartzako jauregian, eta otsailaren 15era bitartean ikusgai egongo da argazki aukeratuekin egindako erakusketa. Ondoren, erakusketa Lazkaora eta Ordiziara eramango dute.
200 jarduera baino gehiago
Aurtengo zikloan ekitaldi berri bat prestatu dute: Beasain, mateplaza-Matematika kalean. Otsailaren 1ean izango da, 11:00etatik 13:30era Beasaingo plaza inguruan.
2026an hamabosgarren denboraldia beteko du Lemniskatak. Aurreko 14 urteetan 200 jarduera baino gehiago antolatu ditu, 260 hizlari eta 21 erakusketa baino gehiagorekin. Zortzi liburuki argitaratu ditu Lemniskata Kaierak bilduman, eta beste hirutan kolaboratu du.
Zientzia gustuko duenak eta horren inguruan hausnartu nahi duenak, beraz 2026an ere aukera izango du, matematiketatik urtarrilean hasita.













