Zuriz esnatu da Goierri, urteko lehen elurtean
Tenperaturak izugarri hotzak izan dira, eta horrek, prezipitazioekin batera, elurra utzi du Goierriko mendi gain zein kaleetan. 2026ko aurreneko elurtea izan da.
Haurren ilusioa, lilura eta poza ez ezik, errege gauak ekarri du bestelako oparirik: urteko lehendabiziko elurtea. Bart goizeko 3:00ak aldera hasi da Gipuzkoako barnealdea zuriz atontzen; tenperaturak izugarri hotzak izan dira, eta horrek, prezipitazioekin batera, elurra utzi du Goierriko mendi gain zein kaleetan ere.
Ehun metrora iritsi da elurra eta termometroak -4 gradu arteko balioetara iritsi dira gauerdian. Gaurkoz, hotzak protagonista izaten jarraituko duela iragarri du Euskalmetek. Eta ez hori bakarrik. Izozteak ere berriro errepikatuko dira, eta ipar haizeak indar handiz joko du, batez ere eguerdi partera arte. Gutxika-gutxika prezipitazioek gutxitzen joateko joera izango dutela ere iragarri du.













