Erakusketa, familientzako saioa eta solasaldia Igartubeitin
Galbahe bekaren lehenengo erakusketa hilaren 31ra arte izango da ikusgai Igartubeitin. Erakusketak mito eta praktika sinbolikoak orainera hurbiltzen ditu.
Miriam Montano eta Telmo Sanchez ‘Nagusia hil da. Erlauntzaren inguruko erritua’ erakusketaren arduradunak Igartubeitin. Josune Zarandona Ezkioko Igartubeiti baserri museoak eta Donostiako San Telmo museoak Galbahe beka deitu zuten lankidetzan, pasa den urteko martxoan. Gordailuaren —Gipuzkoako ondare bildumen zentroaren— aholkularitzarekin sustatutako etnografia ondarea ikertzeko eta zabaltzeko helburuz antolatu zuten beka. Miriam Montano eta Telmo Sanchezi esleitu zitzaien beka, bere lehenengo edizioan— maiatzean, eta Nagusia hil da. Erlauntzen inguruko erritua izeneko erakusketa izan da sei hilabetetako azterlanak utzi duen emaitza. Urtarrilaren 31ra bitartean, ikusgai dago Igartubeitin. Erakusketarekin lotuta familientzako saio bat antolatu dute urtarrilaren 17an eta solasaldi bat izango da otsailaren 22an.
Erakusketak «erleen, heriotzaren eta errituen arteko harremana» aztertzen du. Ondare etnografikoa berreraikitzen duten eskulturak, proiekzioak eta inpresioak artikulatuz osatu dute erakusketa Montanok eta Sanchezek.
Sarreran kokatutako ehunezko inpresio sorta batek irekitzen du erakusketa; erritu-objektuen irudiak aurkezten dira bertan; hala nola argizaiola edo erlauntza. «Irudi hauek erakusten dute nola, haien testuingurutik kanpo, saiatu diren objektu erritualak finkatzen, sailkatzen eta objektibitate berria ematen», azaldu dute Igartubeititik.
Errituen berrinterpretazioa
Garai bateko baserrietan, gaztainondo enbor hustuak erlauntzak egokitzeko erabiltzen ziren, eta erakusketan ikusgai dauden eskulturak horien berrinterpretazio bat irudikatzen dute, «gaztainondo hilak abiapuntutzat hartuta, baina haien materialtasuna hormigoiarekin ordezkatuta».
Amaitzeko, erakusketaren osagarri den ikus-entzunezkoak hamar emakumeren ahotsak biltzen ditu, «elkar gurutzatzean ahots bakar bihurtzen direnak». Hildakoei eta erleei zuzendutako ahozko formulak errezitatzen dituzte, «mendeetan zehar dolu-errituetan transmitituak». Pieza Amezketako elizan grabatu zen, «oraindik argizaiolak pizten diren azken lekuan».
Erakusketaren osagarri, familientzako saio bat antolatu dute Baserriko argiaren magia izenburupean. Familiek garai batean baserria nola argiztatzen zuten arakatuko dute eta erleen sekretua ezagutu ondoren, kandelak eta kandela euskarriak egingo dituzte. Urtarrilaren 17an izango da, 16:30etik aurrera. Otsailaren 22an, aldiz, Jon Etxeberria erlezain ataundarrak Erleak eta eztia solasaldia eskainiko du, 11:00etatik aurrera. Ondoren, ezti ezberdinen dastaketa egingo dute parte hartzaileen artean.
Bi ekintzetan parte hartzeko izen ematea irekita dago jada. Izena igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatzita, 618 004 131ra mezu bat bidalita edo 943 72 29 78ra deituta eman daiteke.

Igartubeitiren hurrengo egoitza artistikoa, Ezkion
Igartubeiti baserri museoak Patrim 4.0 Kultura ondarearen berrikuntza eta kudeaketa sortzailerako Pirinioetako sarearen esparruan garatuko den egoitza artistiko baterako deialdia zabaldu zuen iazko urtearen amaieran. Egoitza Ezkion bertan garatuko da 2026ko martxoaren 2tik 29ra bitartean. Ondarea, lurraldea eta belaunaldien arteko transmisioa aztertu eta sakontzea izango ditu xede proiektuak. Interesatuek 2026ko urtarrilaren 21era arteko epea dute, proposamenak aurkezteko.
Ikusizko artea, ikus-entzunezkoa, instalazioa, Lan Art, argazkigintza, soinua, antropologia, ikerketa, eskultura do performanceari lotutako proposamenak aurkeztu ahal izango dira, «artearen eta lurraldearen arteko elkarrizketarekin eta paisaiaren eraldaketarekin lotutako beste lan ildo batzuen artean».
Dokumentazioa formatu digitalean soilik bidali daiteke, Igartubeitiren web gunean eskuragarri dagoen galdetegia beteta. Gainera, proiektuaren deskribapena, curriculum vitae laburtua, kronograma eta erabiliko diren materialen zerrenda eta ekoizpen aurrekontura egokitutako gastu aurreikuspena ere adierazi beharko dira, besteren artean. Proposamenak urtarrilaren 21eko 17:00ak baino lehen bidali behar dira; batzordea urtarrilaren 28an bilduko da eta ebazpena otsailaren 2an jakinaraziko da.













