Kanpusa, teknifikazio baten antzera
Inoiz baino haur gutxiagok parte hartu dute aurtengo BKLren Gabonetako saskibaloi kanpusean, eta hori dela eta, teknifikazio baten modura planteatu dute. 3x3 txapelketan 120 haur aritu dira.
Haurrak eta entrenatzaileak BKLren kanpusean.BKL Aurten ere Gabonetako saskibaloi kanpusa egin du BKL Beasaingo saskibaloi klubak. Bi zatitan banatuta egin dute: abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 5era. Inoiz baino haur gutxiagok parte hartu dute aurtengoan. Antolatzaileek datetan aurkitu dute arrazoia: “Nabaritu dugu datak nahiko gaizki erori direla, familia askok jai eduki dute eta kanpora joateko aprobetxatu dute. Aurten izen-emate guxtiago izan ditugu eta guk uste dugu horregatik dela”. 23 ume izan dituzte bi txanda horietan banatuta. “Aurreko urtearekin alderatuta jaitsiera handia egon da”.
Baina beste planteamendu bat egiteko baliatu dute talde txikia izatea, eta kanpusa baino gehiago, teknifikazio jardunaldiak izan dira antolatzaileen hitzetan. Lau entrenatzaile aritu dira. “Lehenengo orduetan beroketak eta teknifikazioko zati bat entrenatzaile bakoitzarekin, eta bigarren zatian teknifikazio zati bat eta jolasak; 3×3, 4×4, 5×5…”.
3×3 txapelketa ere egin dute, urtarrilaren 3an. Nahiz eta larunbata izan, aurreko urtearen antzeko kopurua izan dute. “Gutxiago baina antzeko”. 26 talde aritu dira, 120 ume. “Oso pozik” daude emaitzarekin eta jasotako erantzunarekin. “10 bat urte dira antolatzen dugula eta urteroko hitzordu garrantzitsua da klubarentzat. Festa bat izan da”.














