Lehenengoa Berrizko gaztetxean izango da, bigarrena Beasainen, hirugarrena Garazin eta laugarrena Txantrean. 24 gaztek parte hartuko dute.
II. Gaztetxeak Bertsotan sariketaren kanporaketen lekuak eta egunak jakinarazi ditu ekimenaren antolakuntzak. Kanporaketetako bat Beasainen izango da, otsailaren 7an.
Antolatzaileetan esanetan, “aurreko urteko edizio arrakastatsua” izan zen, eta aurten ere 24 bertsolari gaztek Euskal Herriko hainbat gaztetxetako oholtzak hartuko dituzte otsailean hasiko den sariketan. “Bertso munduko zenbait gaztek, elkarren artean hitz eginda eta gazte asanblada batzuk tarteko, bertsoa eta gaztetxeak elkartuko dituen zirkuio bat da Gaztetxeak Bertsotan”, azaldu dute hedabideetara bidalitako ohar baten bitartez. Gazteei saio eroso, dibertigarri eta erakargarriak eskaintzea da helburua, baina baita “gazteen interesekoak diren gai eta auziak oholtzaratzea eta gaztetxe zein gazte asanbladei ekarpena egitea ere”.
Igorreko Kiñu gaztetxean egin zuten aurkezpena larunbatean, eta gaur egin dituzte publiko lekuak eta datak. Hiltegixe Berrizko Gaztetxean izango da lehenengo kanporaketa otsailaren 6an. Bigarrena izango da otsailaren 7an Beasaingo Gaztetxean egingo dutena, hirugarrena Garaziko Gaztetxean egingo dute otsailaren 20an, eta laugarrena maiatzaren 1ean Txantreako Gaztetxean.
Datozen egunetan emango dute parte hartzaileen berri, eta aurrerago kanporaketa bakoitzaren egitaraua egingo dute publiko.
