Martxan da Zaldibiako Udalaren LGTBI+ diagnostikoa
Helburua da LGTBI+ herritarrek beren sexualitatea eta identitatea askatasunez bizitzeko dituzten «aukerak zein oztopoak» sakonean ezagutzea, horretarako herritarren parte-hartze aktiboa lortuta.
Zaldibiako Udalak, Hiruki Larroxa kooperatibarekin elkarlanean, herriko LGTBI+ errealitateei buruzko udal-diagnostikoa zein ekintza plana jarri ditu abian. Ekimenaren helburua da, besteak beste, LGTBI+ herritarrek beren sexualitatea eta identitatea askatasunez bizitzeko dituzten «aukerak zein oztopoak» sakonean ezagutzea; bai eta ikusgarritasuna, bizigarritasuna eta askatasuna sustatzeko balizko neurriak eta ildoak aztertzea ere.
Diagnostiko prozesu honen bitartez, Zaldibiako LGTBI+ komunitatearen egoeraren inguruko ikuspegi osatu eta zehatza lortu nahi da, testuinguruari erreparatu eta eguneroko errealitateak hobeto ulertzeko. Horrez gain, eta etorkizunera begirako politika publikoak eta ekintzak garatzeko oinarriak ere ezarri nahi ditu Zaldibiako Udalak.
Prozesuak herritarren parte-hartze aktiboa eskatzen du, eta horregatik, Zaldibiako biztanle guztiek galdetegi bat bete dezaten animatu ditu udalak, ahalik eta ahots gehiena zein ikuspegi zabalena eskuratzeko asmoz. Udalaren webgunean eskegita dagoen estekara joanda aurki daiteke bete beharreko galdetegia, eta udalak sare sozialetan zabaldutako oharrean adierazi duenez, egindako ekarpen guztien «anonimotasuna eta konfidentzialtasuna» bermatuko direla jakinarazi dute sare sozialetan zabaldutako oharrean.













