Martxoaren 28an zeharkatuko du Goierri 24. Korrikak
Deskargatik gora egunsentian sartuko da Urretxura eta Legorretatik irtengo da 13:00ak aldera. 3.436 lekuko-hartze izango dira eta 2.175 kilometro izango ditu ibilbideak.
Aramako herritarrak lekukoa eskuan, 23. Korrikan. Korrika AEK Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak jakinarazi du dagoeneko 24. Korrikaren ibilbidea. Azaroaren 13an jakinarazi zuen Atharratzen abiatu eta Bilbon bukatuko zela, eta Euskara gara izango dela lema. Spota ere orduan eman zuen ezagutzera. Eta hilabete beranduago, abenduaren 11n, edizio berri honetako abestia aurkeztu zuen: Xiberutikan Mendebaldera. Zetak taldeko Pello Reparazek egin du kanta, eta Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena izan ditu lagun.
Eta gaur egin du ofizial AEK-k martxoaren 19tik 29ra Euskal Herria zeharkatuko duen ibilbidea. Goierrira bukatu bezperan iritsiko da, larunbatarekin, martxoaren 28an. Deskargako gainean urretxuarrek hartuko dute lekukoa 07:44an, eta bost ordu egingo ditu lekukoak eskualdean. Legorretara 12:38ean iritsiko da, eta handik Tolosalderako bidea hartuko du.
Inoizko parte-hartzaileena
24. Korrikak 3.436 lekuko- hartze izango ditu, eta 2.175 kilometroko ibilbidea. AEKren esanetan, “inoiz baino parte hartzaileagoa” izatea espero da. Gutxi gorabehera 460 herritatik igaroko da. Ibilbidearen xehetasunak Korrika aplikazioan azaldu dira esklusiban, eta bertan zein webgunean kontsulta daiteke nondik igaroko den. Kilometroak eskuratzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko da.
Goierriko ibilbidea
- Urretxu: 07:44
- Zumarraga: 08:04
- Ezkio: 08:38
- Ormaiztegi: 09:04
- Mutiloa: 09:42
- Zerain: 09:57
- Segura: 09:59
- Idiazabal: 10:16
- Olaberria: 10:36
- Lazkao: 11:04
- Beasain: 11:18
- Ordizia: 11:56
- Arama: 12:20
- Itsasondo: 12:25
- Legorreta: 12:38
Herrikako batzordeak
Goierriko Goiztiri AEK ere 24. Korrika antolatzeko lanetan murgilduta dabil. Herrikako batzordeak sortzeko lehen bilerak deituko ditu datorren astean. Korrika denda Beasaingo herri dendan dago. Urtarriletik martxora ostegunetan (18:00-20:00), ostiraletan (17:00-20:00) eta larunbatetan (10:30-13:00) irekiko dute.














