Aurrekontuetarako "politika zaharkituak" onartu dira Beasaingo EH Bildurentzat
Beasainek "ekintza ausartak eta erabaki irmoak" behar ditu koalizioaren esanetan. "Une egokia zen etxebizitza eskuragarritasunean, zaintza sisteman, euskararen sustapenean eta merkataritzaren biziberritzean benetako aurrerapausoak emateko".
Beasaingo EH Bilduko udal ordezkariak, artxiboko irudian.Ariane Vierbücher Beasaingo udalbatzak 2026rako 23.413.825 euroko udal aurrekontua onartu zuen abenduaren 22ko osoko bilkuran, EAJko zinegotzien aldeko bozkekin eta EH Bilduko, PSE-EEko eta Elkarrekin Podemoseko zinegotzien abstentzioarekin. Beasaingo EH Bilduk ohar baten bidez adierazi du “politika zaharkituak” onartu direla, eta aurrekontuek ez dutela “egoerak eskatzen duen anbizio maila erakusten”.
Beasainek herri biziagoa izateko “ekintza ausartak eta erabaki irmoak” behar ditu koalizioaren esanetan: “Lehentasun politikoak islatzen dituzte, eta EH Bilduren ustez, une egokia zen etxebizitza eskuragarritasunean, zaintza sisteman, euskararen sustapenean eta merkataritzaren biziberritzean benetako aurrerapausoak emateko”.
Beasain herri bizi eta aktiboa izan da oharrean diotenez; azken urteetan bizitasun hori ahultzen ari dela ikusten dute, eta politika zaharkituak izan dira haien ustez egoera hori eragin dutenak.
EH Bilduren proposamenetatik hartutakoa
EH Bilduk eginiko proposamenetatik udal gobernuak hartutako erabakiak zerrendatu ditu koalizioak. Etxebizitza publikoak egiteko lursailak erostea onartu da, “baina ez alokairura bideratutakoak” oharrean azaldu dutenaren arabera: “Egungo alokairu eskaerari erantzunik ez zaio eman eta beasaindar guztientzat eskuragarriak izango ez diren etxebizitza eredua lehenetsi du udal gobernuak”.
Zaintza ekosistema parte hartzailea lantzea proposatu ondoren, “Beasaingo zaintza mahaia sorzeko konpromisoa” txertatu da aurrekontuetan. Euskara indartzeko baliabide gehiago eskatu zituen oposizioak, eta aisialdi antolatuan euskara biziberritzeko egitasmoa txertatu dute: “Gure ustez, plan integral bat behar da Beasainen, hezkuntzatik hasi, aisialdian jarraitu, inguruko enpresetara eta familietara ere bideratua izango dena. Hizkuntza errefortzu integrala ikasle zein gurasoentzat, udaleku bateratuak eta guzti hau diseinatu eta koordinatuko duen gune baten faltan jarraitzen dugu”.
Merkataritzaren biziberritzeari lotuta, bi bono kanpaina berri sortzea eskatu zuten, bat gazteentzat (40.000 euro) eta beste bat herritar ororentzat (80.000 euro). “Gazteei zuzendua bakarrik onartu da”.
“Elkartegintzak behar duen errelebo eta jarraikortasunari erantzun estruktural bat emateko”, diagnosi eta ekintza plana egitea eskatu zuten. Burokrazia lanetarako administrari bat jartzea onartu da: “Aurrerapausoa bai, baina ez nahikoa”.
Beasaingo Udaleko energia hornitzailea Goiener izatea eskatu zuen EH Bilduk, eta 2027an aztertzeko konpromisoa adierazi dela azaldu dute.
Berdintasuna eta gazteria bereiztea
Aurrekoez gain, udal plantillari berdintasun eta gazteri teknikari lanpostuak bereiztea eskatu zuen oposizioko talde nagusiak; egun, teknikari berak betetzen ditu berdintasunari eta gazteriari lotutako lanak. “Azken urteetan ikusi den moduan ez da nahikoa, bi lanpostuak bereiztu eta %100eko dedikaziodunak izatea ezinbestekoa da. Momentuz ez da udal gobernuaren lehentasuna”.
Beasaingo EH Bilduren hitzetan, “erronkei aurre egiteko unea” da: “Beasainek baditu nahikoa baliabide ekonomiko, sozial eta humano, erantzun adimentsuak emanez, herriaren bizi-kalitatea eta bizitasuna indartzeko”. Hori lortzeko, “ezinbestekotzat” jo du “udal gobernuaren konpromiso handiagoa eta elkarrekin lan egiteko benetako prestutasuna”. Lanean jarraituko duela agindu du koalizioak: “Beasaingo EH Bildutik lanean jarraituko dugu jarrera aktibo eta eraikitzailearekin, herritarron erronkei erantzun eta irtenbideak emango dizkieten politikak adosteko”.













