Barrendain plaza eraberritzeko lanak hasi dituzte
1.489.349,43 euroan, Moyua enpresari esleitu zaio urbanizazio obra. Nahi ez den bakardadeari aurre egiteko egitasmoa da, udalak azaldu duenez Europan aitzindaria izango dena.
Eraberritzean lan egingo duten agenteetako batzuk goizean Barrendain plazako parkean.Laida Goiburu Barrendain plaza eraberritzeko lanak hasi dituzte gaur goizean. Urrian eman zuen Beasaingo Udalak egitasmoaren berri, eta orduan jakinarazi zuenez, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko egitasmoa da. Espazio publikoa eraldatuz ongizatea eta autonomia sustatzea da helburua. Kalelagun ekimenaren –nahi ez den bakardadea arintzeko eta komunitatearen parte hartzea sustatzeko espazio publikoak eraldatzea helburu duen egitasmoa– barruan garatu dute proiektua.
Beasaingo udal gobernuak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Gobernu Batzordeak abenduaren 4an aho batez onartu zuen Barrendain plaza urbanizatzeko obrak Construcciones Moyua S.L. enpresari esleitzea. Esleipena 1.489.349,43 eurokoa da (BEZ barne), eta lanek sei hilabeteko epea izango dute. Gaur goizean, eraberritze lanen lehen egunean, askotariko agenteak –Moyuako, Gipuzkoako Ur Kontsorzioko edota udaleko ordezkariak, besteak beste– elkartu dira plazako haur parkean lanei ekiteko.
Berrurbanizazioak 5.500 metro koadroko azalera hartzen du. “Beasaingo erdigunean kokatutako espazio enblematiko hau pertsonentzat pentsatutako gune bizigarri, irisgarri eta osasungarri bihurtzea du helburu”, azaldu du udal gobernuak. “Garraio publikoaren –tren geltokiko plaza da– eta mugikortasunaren ardatz izan da plaza historikoki, eta aurrerantzean topagune, atsedenleku eta elkarbizitzarako espazio izateko bokazioa izango du”.
Oinezkoei lehentasuna emango diete. Espazio berriak haurrentzako jolas guneak, atsedenerako eremuak, lorategiak eta gune irekiak izango ditu, baita oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideak ere.
“Europan erreferente”
Nahi ez den bakardadeari aurre egitea da eraberritzearen helburua. Gipuzkoan ez ezik, udalak azaldu duenez Europan ere aitzindaria izango den espazioa izango da. “Europan erreferente bihurtzeko bokazioa du”.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko CAVIAR ikerketa taldeko hogei ikertzaile eta ikasle baino gehiagok parte hartu dute proiektuan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Adinberri Fundazioaren babesarekin. “65 pertsona baino gehiagok hartu dute parte kosorkuntza-tailerretan, administrazioa, hirugarren sektorea eta enpresa-sektorea barne hartzen dituen elkarlan-eredu baten barruan”.














