Udal hobariak autoa partekatzen dutenentzat
Tribbu aplikazioa eduki behar da instalatuta mugikorrean. ParteCar ekimenak egun 430 erabiltzailetik gora ditu erregistratuta.
ParteCar-en informazio panela Barrendain plazan, artxiboko irudian.Kerman Garralda Beasaingo Udalak autoa partekatzen dutenentzako udal hobariak eskainiko ditu aurten ere. Urtarrilaren 12tik dago martxan 2026koa. Tribbu aplikazioa eduki behar da instalatuta mugikorrean horretarako, eta onurak aprobetxatzeko BEASAIN22N kodea sartu behar da.
Beasain abiapuntu edo helmuga duten ibilbideetako gidariei zein bidaiariei, %50eko hobaria emango zaie, gehienez 2 euro ibilbide eta bidaiari bakoitzeko, eta astean gehienez hamar bidaia.
Horrez gain, udalak gogorarazi du Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak Energia Aurrezteko Ziurtagirien Sisteman sartu duela carpooling-a edo autoa partekatzea. Horren bidez, bidaiariek gehienez 1,50 euro lortu ahal izango dituzte bidaia partekatu bakoitzeko, edo kilometroko 0,04 euro. Hori eskuratzeko, BBonoa aktibatu behar da Tribbu aplikazioan, eta bidaia bakoitzaren hasiera eta amaiera egiaztatzea gidariarekin batera.
Udalak emandako datuen arabera, 430 erabiltzailetik gora ditu erregistratuta egun ParteCar-ek. “Kopuruei dagokionez, 472.000 km-tik gora partekatu dira desplazamenduetan, eta 70.000 kg CO2 eta 225.000 kg NOx baino gehiago eguratsera ez isurtzea lortu da. Guztira 11.654 bidaia partekatu dira ekimena martxan jarri zenetik. Alderdi ekonomikoari dagokionez, ParteCar bitartez 60.000€ euro inguru aurreztu dira erregaian”.













