Igandean hasiko da Goierri Kopa, Garinen
Izen-emateak jada itxita daude, partaide kopurua bete delako. 300 korrikalarik eman dute izena. %16 emakumeak dira.
Irati Zubizarreta –iaz irabazle– 2025eko Garingo mendi lasterketan.Lide Egizala Goierri Kopa Trailak 11 proba izango ditu aurten. Abenduaren 18an eman zuten 2026ko Goierri Kopa Trailaren berri Lazkaoko Arerian egindako prentsaurrekoan probetako antolatzaileek. Eta jada iritsi da hasteko ordua. Igandean –urtarrilak 18–, Muñogain elkarteak antolatutako XII. Garingo Mendi Lasterketarekin hasiko da Goierriko trail proben lehia, eta urrira arte luzatuko da egutegia.
Garin auzoko San Sebastian jaietako bigarren eta azken eguna ospatzen ibiliko dira auzotarrak igandean. 09:30etik 10:45era bitartean Garingo frontoian dortsalak hartuko dituzte parte hartzaileek, eta ondoren, 11:00etan hasiko da lasterketa. Trail eta sprint probak biltzen ditu Goierri Kopak. Garingoa, ordea, ohi moduan, motzean jokatuko da soilik; 12,20 kilometro izango ditu ibilbideak, hiru itzuli desberdinekin eta 612 metroko desnibel positiboarekin.
Euro bat minbiziaren aurka
Izen-emate epea larunbatera arte aurreikusita bazegoen ere, jada itxi dute, partaide kopurua bete delako; 300 korrikalariren muga ezarri zuen antolakuntzak eta bete dira dortsal guztiak. Izen-ematea egin duten lasterkarien %16 emakumeak dira, eta %84 gizonak. Izen-ematearen prezioa 20 eurokoa izan da; ordainketa bakoitzeko, 19 euro antolakuntzarako izan da, eta euro bat Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearentzat. Ekimen hori Goierri Kopa Traileko proba guztietan aplikatuko dute, eta izen-emate bakoitzeko euro bat emango zaio elkarteari.
Garingo lasterketa amaitzean, hamaiketako txiki bat jarriko du antolakuntzak parte hartzaileentzat, eta sari banaketa lasterketako azken partaideak iristean izango da.
Hurrena, Ordizian
Garingoa irteerako pistola-tiroa izango da. Goierri Kopak Ordizian izango du hurrengo hitzordua, otsailaren 15ean. Beste lehia baten hasiera ere izango da hura, bi distantziatan jokatuko baita; sprinterako ez ezik, trail distantziarako puntuagarria izango da. Eta horren atzetik, UZ Trail, Leharrei, Segura-Zerain, Txindokiko KB, Zaldibiako, Lazkaoko eta Aztiriko mendi lasterketak, Axari Trail eta Korosti Trail etorriko dira.













