Kantauri itsasoa edota Indiako Ozeanoko arrezifeetako paisaiak, Beasaingo Usurbe antzokian
Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloak gaur egingo du lehen geldialdia Beasainen, 19:00etan Usurbe antzokian. Itsas biodibertsitatea eta ozeanoen edertasuna ezagutzeko aukera eskainiko du zazpi ikus-entzunezko lan laburren bitartez.
'La Costa Quebrada: Naturaleza entre las mareas' laneko irudi bat.CIMASUB Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloak gaur egingo du lehen geldialdia Beasainen, 19:00etan Usurbe antzokian. Itsas biodibertsitatea eta ozeanoen edertasuna ezagutzeko aukera eskainiko du zazpi ikus-entzunezko lan laburren bitartez, Kantauri itsasotik Indiako Ozeanoko arrezifeetara, Groenlandiatik edo Itsaso Gorritik igarota.
Lehenengo proiekzioa Sonja Bader alemaniar zuzendariaren Komodo Sirens filma izango da. Antolatzaileen hitzetan, “Komodoko (Indonesia) Parke Nazionalean murgiltze labur baina hipnotikoa” eskaintzen ditu hiru minutuko lan horrek.
Of Water and Wonder izango da bigarren proiekzioa. India eta Filipinen artean filmatutako laburra da, “isiltasunari eta lasaitasunari buruzko meditazio bat”. Itsasoak sendatzeko duen gaitasuna du hizpide; neska gazte bati uraren bidez barne bilaketan laguntzera gonbidatzen du. Suhas Shyamsundar errealizadore indiarrarena da filma.
Ikerketa eta hauskortasuna
Leandro Blanco madrildarraren Una vida de pez izango da hurrena. Film laburren sailean Brontzezko Baranda irabazi zuen. “Fotograma bakoitza kolore eta mugimendu leherketa bat da, olatuen azpian bizi den barietate amaigabearen eta hura zaintzeko premia larriaren oroigarri”.
SOCAVA: Vida Sumergida Enrique Talledo kantabriarraren lanak itsas ikerketarekiko konpromisoa erakutsiko du. Irudi zirraragarrien eta Espainiako Ozeanografia Institutuko zientzialarien lankidetzaren bidez, filmak Iberiar penintsulako iparraldeko ekosistemen aberastasuna eta hauskortasuna erakusten ditu.
The Mother of Diamonds Kimberlite lanak apnea, esplorazioa eta geologia uztartzen ditu Artikoko muga hotzetan. Alexander Benedik austriarrarena da.
Eta Artikotik Mexikora. Clayton Connen estatubatuarraren Seascape: Underwater Cinematic Collage lanak Brontzezko Baranda lortu zuen Musikalen kategorian; “bidaia sentsorial bat da, ia meditatiboa, Mexikoko itsasoetan zehar, non musikak eta irudiak bat egiten duten errespetua eta lasaitasuna transmititzeko”.
Eta bukatzeko, Kantauri itsasora. Nat Savage britainiarraren La Costa Quebrada: Naturaleza entre las mareas. Brontzezko Baranda irabazi zuen dokumentalen kategorian. Kantabrian filmatu zen, eta Kantauri itsasoak ere edertasun altxor bat gordetzen duela azpimarratzen du.
Hurrengoa hilaren 21ean
Itsaspeko Zinema Zikloaren hurrengo emanaldia datorren asteazkenean izango da, hilaren 21ean. Edertasuna, salaketa eta emozioa uztartuko dituzte proiektatuko diren lanek.













