Zubizarreta IV.ak debuta egingo du Baikorekin
Baiko Pilotan arituko da datozen bi urteetan. Etorkizun handiko pilotaria dela ziurtatu du Aimar Olaizolak.
Beñat Zubizarreta 20 urteko pilotari ataundar aurrelaria Baikorekin arituko da datozen bi urteetan, gaur eguerdian Baikok iragarri duenez. Ataun K.E pilota taldean hasi zen jokatzen, eta geroago Lazkaoko LAPKE klubeko harrobian hazi da. Bertako jokalari izanda lortu ditu azken urteko garaipenak ere: Gipuzkoako Binakako Txapelketa eta Zaldibarko Olazar Torneoa.
Aimar Olaizola, Baikoko kirol arduradunak azaldu du etorkizun handiko pilotaria dela Zubizarreta: «Oso pilotaria da. Lesio larri bat ere edukita dago eta oso ondo errekuperatzen ari da. Denbora darama maila onean, dena ematen, eta kualitateen artean aipatuko nuke dena ondo egiten duen pilotaria dela, kantxan azkarra, eta normala den bezala berak ere pixkanaka gauzak ikasten joango da, indarra hartzen, baina etorkizun handiko pilotaria da».













