Atseden-Toki elkartean izandako "gazte batzuen jokabideak" salatu ditu Ataungo Udalak
«Jokabide desegokien» berri eman du, eta errespetuz eta elkarbizitza bultzatzeko arduraz jokatzea eskatu du.
Ataungo Udalak Atseden-Toki elkartean bertan zein inguruan «gazte batzuek izandako jokabidea» salatu du sare sozialetan zabaldutako ohar baten bitartez. Azken asteetan izandako «jokabide desegokien» berri eman du, eta azaldu du egoera hobetzen ez bada, «lokalaren erabilera murriztea» beste aukerarik izango ez dutela. Errespetuz eta elkarbizitza bultzatzeko arduraz jokatzea eskatu die herritarrei.
Hona hemen oharra, eta oharrarekin batera atxikitutako argazkiak:
«Azken asteotan Atseden-Toki elkartean eta inguruan gazte batzuek izan duten jokabidea salatu nahi dugu: Lehio bateko kristala hautsi, komuneko paperarekin jolasean ibili, zaborra lurrera bota, garrasika ibili, desegoki erantzun…
Jarrera eta jokabide hauek erabat onartezinak dira, elkarbizitza oztopatzen dute, eta tentsioa eta haserrea eragiten dute bertan elkartzen diren adineko pertsonengan.
Atseden-Toki lasai egoteko lekua da, eta elkartzen diren guztien ardura da elkarrekin errespetuz jokatzea eta elkarbizitza bultzatzea. Egoera hobetzen ez bada, lokalaren erabilera murriztea beste aukerarik ez dugu izango.»














