Auzo txiki, ekintza ugari
50 bat lagun elkartuko dira larunbateko herri bazkarian. Igandeko ekitaldi nagusia Garingo XII. Mendi Lasterketa izango da.
Kalte kolektiboko kideak 'Fikziohesioa' antzezlanean, iazko sansebastianetan, Garingo elizan. Josune Zarandona Aurten asteartean egokitu da San Sebastian eguna –urtarrilak 20–. Garin auzoan, urtarrilaren 17an eta 18an ospatuko dituzte sansebastianak, asteburura eramanda ohi bezala. Geroz eta biztanle gutxiago daude Garinen, baina auzoko jaiak baliatzen dituzte elkartzeko eta auzo nortasunari indarra emateko. Txikia izanagatik ere, ekintza ugari antolatu dituzte auzolanean aurten ere.
Larunbatean kanpai bueltekin eta suziriekin emango diete hasiera bi eguneko festei. Goizean musika eta dantza artean jai giroan ibiliko dira, eta antzerkiaz gozatzeko hitzordua ere jarri dute: Ixo Teatroren Herio. Ondoren, 50 bat lagun elkartuko dira herri bazkarian. Haurrentzako zirku tailerra eskainiko du arratsaldean duela pare bat urte Garinera bizitzera joan zen ekilibrista talde batek. 2024an, slackline erakustaldia egin zuten taldeko kideek –Slakherria elkarteko kide dira–, eta aurten haurrek erakutsiko dute abilezia haien laguntzarekin.
Erratza eta dantza
Iluntzeko dantza-bikote edo erratza dantzaren lehiaketarekin amaituko dute eguna. Bikoteka, eta musika martxan dagoen bitartean, erratza bikotez bikote pasatzen joango dira partaideak, eta musika gelditzen denean erratza daukan bikotea kanporatu egingo da. Horrela, bikote irabazle bat gelditzen den arte.
Igandean, bigarren eta azken eguna ospatuko dute auzotarrek. Garingo mendi lasterketa izango da ekitaldi nagusia; aurrez, goiz-eresia joko du Trapalata txarangak, eta lasterketak irauten duen bitartean ere musikarekin girotuko ditu bazterrak.
Egitaraua
Larunbata, urtarrilak 17
10:00: Kanpai bueltak eta altxafuegoak.
10:30: Kalejira Beasaingo Goiz-eresi txistulari taldearekin.
11:00: Meza nagusia.
12:00: Aurtzaka dantza taldearen saioa.
13:00: Ixo Teatro antzeztaldearen Herio emankizuna.
14:00: Herri bazkaria, Elustondo anai-arreba trikitilariekin.
Ondoren: Mus eta punttu txapelketa.
17:00: Zirku tailerra haurrentzat.
18:00: Haur jolasak pilotalekuan (aulki-joko, oskol biltze…).
Ondoren: Gaztaina jana sagardoarekin eta txokolatearekin.
19:30: Dantza-bikote lehiaketa.
Igandea, urtarrilak 18
10:00: Goiz-eresia Trapalata txarangarekin.
11:00: Garingo XII. Mendi Lasterketa Herrikoia.
13:30: Lasterketako sarien banaketa.
Bitartean: Musika Trapalata txarangarekin.













