CAFek Regiolis trenen beste kontratu bat itxi du Frantzian
Beste hamar tren hornituko dizkio SNCF Voyageurs-i, Akitania Berrirako. 80 milioi euroko kontratua da eta CAF-Alstom kontsortzioaren barruan kokatzen da.
CAFek Regiolis plataformako trenen beste kontratu bat itxi du Frantzian. Beste hamar tren hornituko dizkio SNCF Voyageurs-i, eta Frantziako hego-mendebaldeko Akitania Berria eskualdean funtzionatuko dute.
80 milioi euroko kontratua da eta CAF-Alstom kontsortzioaren barruan kokatzen da. CAFek Reichshoffenen (Alsazia, Frantzia) duen lantegian egingo ditu trenen diseinu eta muntaketa lanak, eta Alstom trenetarako hainbat sistema eta ekipo fabrikatzeaz arduratuko da.
Akitania Berrirako tren berriek eskualdeko trenbide sarean zerbitzua eskaintzen duten 54 Regiolis trenen flota osatuko dute. CAFek ohar bidez azaldu duenaren arabera, hamar tren horiekin, 50 inguru dira jada SNCFk CAFi kontratatutako unitateak 2021ean Alstomekin itundutako hitzarmenari esker Reichshoffenen industria instalazioa erosi zuenetik: “Horrek indartu egiten du konpainiak Frantziako lantegietan duen lan-karga industriala eta sendotu egin du Taldeak garraio publikoa garatzeko Frantziako tokiko, eskualdeko eta nazio mailako agintarien epe luzeko bazkide gisa duen posizioa”.













