Energia komunitate herritarra sortuko dute ataundarrek
Komunitatea nola osatuko den aztertzeko elkartuko dira urtarrilaren 27an. Sortutako energia komunitatea osatzen dutenen artean banatzea da helburua. Interesa duenak izena eman dezake udalaren webgunean eskuragarri dagoen galdetegian.
Ataungo udaletxeko eguzki plakak. Ataungo Udala Energia burujabetzaren norabidean aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari da Ataungo Udala. Iazko irailean helarazi zuten udalerrian energia komunitate herritarra sortu nahi zutela, eta Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasun diputatuarekin egindako lan bilera batzuk tarteko, proiektua aurrera eramateko konpromisoan berretsi ziren bi erakundeak. Bada, urte berriarekin batera iritsi da energia komunitatea sortzeko prozesua abiatzeko unea.
Komunitatea nola osatuko den aztertzea da udalak herritarrekin batera adostu beharreko aurreneko pausoa, eta horretarako hitzordua ezarri dute urtarrilaren 27an. Asteartearekin batera elkartuko dira udaletxeko pleno aretoan, 18:30ean, eta bertan hainbat kontu adostu beharko dituzte: irabazi asmorik gabeko elkartea sortzea, izena eta logotipoa, sarrera kuotaren zenbatekoa –25 eurokoa izatea proposatuko da– eta urteko kuotaren zenbatekoa –20 eurokoa izatea proposatuko da–.
Ekimenaren bidez, instalazio fotovoltaikoak jarri eta sortutako energia herritarren, enpresen, elkarteen, autonomoen eta udalaren artean partekatzea da helburua, energia garbia kontsumitzea ez ezik, tokiko garapena bultzatu eta ingurumenarekiko errespetua sustatuta.
Herritar guztiak gonbidatu dituzte bilerara, eta komunitatearen sorreran parte hartzera animatu dituzte. Interesa duenak izena eman dezake dagoeneko Ataungo Udalak webgunean eskuragarri jarri duen galdetegia beteta.
Herritarren parte-hartzea
Ataungo Udalak iaz energia komunitate herritarra sortzeko proposamena egin zuenetik, herritarren parte hartzea sustatzen ibili dira antolatu dituzten hiru saio irekien bitartez: sentsibilizazioan sakondu dute, eta herritarrek komunitate energetikoen onurak ezagutu dituzte, beste udalerrietako esperientziekin batera; diagnostiko tekniko eta soziala ere egin dute, instalazioen potentziala aztertuta; eta, azkenik, gobernantza eta ibilbide orria ere ezarri dira, alegia, parte-hartzea eta komunikazioa bideratzeko lehen mekanismoak. Udalak azaldu du saio guztietan ikusi ahal izan dela herritarrek «gero eta interes handiagoa» dutela energia-komunitateen inguruan.
Hori gutxi ez, eta aldundiak, Gipuzkoako Energia Eraldaketarako Bulegoaren bitartez, aholkularitza tekniko, juridiko eta finantzario osoa eskaini dio Atauni.
Gipuzkoa lidergoan
Gaur-gaurkoz Gipuzkoan 67 energia-komunitate daude martxan, 59 udalerri ezberdinetan, eta 10.000 familia baino gehiago ari dira parte hartzen. Helburua da 2027. urterako Gipuzkoako udalerri guztietan gutxienez energia-komunitate bat egotea.
Ataungo herriak, zentzu horretan, pauso irmo eta sendoa eman du «jasangarritasunaren eta energia burujabetzaren bidean», herritarrak proiektuaren protagonista bilakatuz eta tokiko baliabideak erabili bitartez, etorkizun energetiko bidezkoagoa eraikitzeko.













