Goierriko sagardo berria dastatua izateko prest
Pako Etxeberria auzi-mediku beasaindarrak eman dio hasiera Goierriko sagardotegi denboraldiari Zeraingo Oiharten. Goierriko 15 sagar ekoizlek 360.000 kilo sagar bildu dituzte. Eskualdeko lau sagardotegiek 125.000 litro euskal sagardo ekoitzi dute .
Goierriko sagardogileak eta Pako Etxeberria auzi-mediku beasaindarrak, gaur, Zeraingo Oiharten egin duten irekieran.Iñaki Gurrutxaga Santa Lutzi bezperan ekin zion denboraldiari Legorretako Begiristainek, Eguberri aurrean Ordiziako Tximistak eta joan den ostiralean Ataungo Urbitartek, Erregeak pasa berritan. Irekitzen hurrena Zeraingo Oiharte izango da, urtarrilaren 23an. Azken horretan elkartu dira gaur Goierriko lau sagardotegietako ordezkariak txotx garaiari hasiera ofiziala emateko, eta Pako Etxeberria auzi-mediku beasaindarrak izan du sagardo berriari lehen tragoa jotzeko ohorea: “Aurtengo Goierriko sagardo berria!” izan dira haren hitzak.
Txandan-txandan, bataren eta bestearen etxean, egin dute azken hamabi urteotan Goierriko sagardotegi garaiaren irekiera ekitaldia, eta aurrerantzean ere hala izango bada ere, hamahirugarren honetan aldaketa izan da. Aurreko edizioetan Goitur arduratu da antolaketaz, eta gaurko saioa eta datozenak Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak gidatuko ditu. Elkarteko Olatz Mitxelenak, Goiturreko zuzendari Niko Osinaldek, Oiharteko Haritz Egurenek eta Pako Etxeberriak hitz egin dute.
Ondoan izan dituzte Urbitarteko ordezkari Aitor Calvillo, Begiristaineko Iñaki Begiristain eta Tximistako Aitor Esnaola, Zeraingo alkate Agurtzane Gereñu eta beste hainbat gonbidatu ere. Komunikabideen presentzia ere nabaria izan da.
Sagardotegira astez joateko deia
Mitxelenak esker hitzak izan ditu urteotan guztiotan Goiturrek ekitaldi hau antolatzeko “ilusioa jarri” izanagatik. Osinaldek gogoratu du Goiturren lana dela Goierri promozionatzea, eta “oso kontziente” direla zeintzuk diren eskualdeak dituen baliabideak. “Hasieran gehiago ginen, txikitu egin da kopurua, baina era berean sagardotegiek duten garrantzia handitu egin da”. Azken urteotan hiru sagardotegi itxi dira Goierrin: Zeraingo Otatza, Olaberriko Etxezuri eta Altzagako Olagi.
«Jasangarritasuna aipatzen den garai hauetan, goierritar garenok, astean zehar afaltzera sagardotegietara joatea da lehen deia, bertako kontsumitzea»
Niko Osinalde. Goiturreko zuzendaria
Hiru ideia nabarmendu ditu Osinaldek. “Jasangarritasuna aipatzen den garai hauetan, goierritar garenok, astean zehar afaltzera sagardotegietara joatea da lehen deia, bertakoa kontsumitzea. Azken urteetako joera larunbat eguerdietara mugatzen ari da, eta aurtengo erreserbak ere hortik doaz”. Astean zehar ezin duten goierritarrei, asteburuetan Goierriko sagardotegietara joateko deia egin die bigarrenik, eta azkenik, kanpotik etortzen diren senide eta lagunei “egun beteko plana” proposatzeko: “Sagardotegira joatea ez ezik, erakutsi gainontzeko jatetxe, gaztandegi, museo eta natur eremuak”.
«Sagardo arinxeagoak»
Anfitrioi lanetan aritu den Haritz Egurenek sagar uztari egin dio lehen erreferentzia. “Uda hasiera, ekaina, oso beroa izan zen, uztaila freskoa, eta abuztuko lehen hamabostaldian sekulako beroak egin zituen. Hortaz, sagardoaren heldutasuna irregular samarra etorri da”.
Sagardogileen elkartearen esanetan, Goierrin Beterrin baino negu hotzagoak eta uda beroagoak izaten dira, eta horren ondorioz “izaera handiagoko sagarra eta sagardoa” izaten da. Oiharteko sagardogileak honako nabarmendu du: “Esaten da iazkoarekin konparatuta sagardo arinxeagoak datozela, alkohol gutxiagorekin, nahiz eta sagardogileok gero eta gehiago egiten dugun barietate jolas hori. Esaterako, sagar geza gehiago sartzen baduzu, gorputz gehiagoko sagardoa etortzen da. Gu gure etxean horretan saiatzen gara, barietate ezberdinekin sagardo ezberdinak lortzen”.
«Esaten da iazkoarekin konparatuta sagardo arinxeagoak datozela, alkohol gutxiagorekin, nahiz eta sagardogileok gero eta gehiago egiten dugun barietate jolas hori»
Haritz Eguren. Oiharte sagardotegia
Elkartearen arabera, Gipuzkoan sagar mota bertsuak erabiltzen badira ere, badira ia Goierrin bakarrik erabiltzen diren batzuk, Mokotea edo Oru sagarra kasu. Goierrin gehien ikusten den sagar mota errezila da, eta eskualdeko hamabost sagardo ekoizleen artean 360.000 kilo euskal sagar ekoitzi dira. Goierriko lau sagardotegiek 125.000 euskal sagardo ekoitzi dute aurten –Euskal Sagardoa izendapenaren barruan 3,1 milioi litro egin dituzte 46 sagardotegik–. “Euskal Sagardoa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da, eta bertan sagarra ekoizten dugun heinean gero eta hobeto kontrolatzen da, eskura duzu noiz eta nola bildu, emaitza hobea izaten da eta kudeaketa errazagoa”, adierazi du Egurenek.
Hainbat sagardotegik eskaintzen dituzten bisita gidatuei ere egin die aipamena Oiharteko sagardogileak: “Sagastia erakusten hasten gara, sagastitik hasten da dena, eta ikusten denean sagastiak zer garrantzia duen, bezeroak beste begirada izaten du upategian”.

Sagardogileek eta gonbidatuek Oiharte atarian egin duten taldeko argazkia.Iñaki Gurrutxaga
Lazkaibarko sagardotegiak gogoan
Goierriko sagardogileek Pako Etxeberriari auzi-mediku beasaindarrari aitortza egin nahi izan diote gaur irekiera ekitaldian, “Euskal Herriaren historiari eta oroimenari egiten dion ekarpena” eskertzeko. Auzi-medikua ez ezik, antropologoa, espeleologoa, ikertzailea, EHUko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasle titularra da, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakaria 2018ra arte. Euskal Kriminologia Institutuko zuzendariordea ere bada, besteak beste.
Etxeberriak adierazi du “ezusteko handia” hartu zuela gonbidapena jaso zuenean. “Ordizian Idiazabal Gaztaren kofrade izendatu ninduten, Beasainen Beasaingo Odolkiaren kofrade gero, eta orain hemen nago”. Lazkaibar auzoan jaioa, CAF fabrikaren erdian, honakoa gogoratu du: “Lau sagardotegi zeuden, eta azkenekoa dut gogoan, Upabi. Ez zegoen martxan orduan, baina jende asko joaten omen zen. Egurrezko dolare erraldoi bat zuen, eta upelak ere gogoan ditut, erabat utziak”.
«Lau sagardotegi zeuden Lazkaibarren, eta azkenekoa dut gogoan, Upabi. Ez zegoen martxan orduan. Egurrezko dolare erraldoi bat zuen, eta upelak ere gogoan ditut, erabat utziak»
Pako Etxeberria. Auzi-medikua
Joseba Arregi eta haren familiaren sagardoa egiten duela aipatu du. “Aurten 2.300 litro soilik egin ditugu. Ez ditugu denak edango noski, eta ingurukoei-eta oparitzeko erabiliko ditugu. Asko gozatzen dugu sagar biltzen, usain horrekin, osoa erakargarria da. Prentsatzea, horren inguruan sortzen den eztabaida, zaharragoek ilargiarekin duten fedea”.
Txilera joan izaten da, eta Albaolak eraikitako San Joan baleontziaren itsasoratzeaz aritu da. “Ontzi batek pisua eraman behar du, ezin du hutsik joan, harea, harriak edo sagardoa eraman behar da”. Adierazi du Txileko Santiago hiriburutik 800 kilometro hegoaldera dagoen Valdibian sagardoa egiten ari direla. “Mende asko dituzten sagarrondoetako sagarrak erabiltzen dituzte, europarrek bere egunean –eta euskaldunek ere bai noski– hara eramandako hazien ondorioz haziak. Ikusten dute sagardoa komertzialki erakargarria izan daitekeen produktu bat dela”.
BIDEOA: Mikel Albisu
ARGAZKIAK: Iñaki Gurrutxaga













