Kutxazain automatikoa jarriko dute Ezkioko udaletxearen alboan
Data zehatzik ez badago ere, aurten jartzea espero dute. Kutxazain automatikoa udaletxearen ondoan kokatuko dute.
Ezkioko udaletxea Santa Lutzi auzoan.Josune Zarandona Kutxazain automatikoaren zerbitzua martxan jarriko dute aurten Ezkion. Urteak dira zerbitzu hau eten zutela, “udaletxe zaharra bota eta berria egiteko lanak hasi zirenean kendu zuten eta ordutik ezin izan dugu berreskuratu. Urteetako aldarrikapenaren emaitza da”, esan du Joseba Telleria Ezkioko alkateak.
Eusko Jaurlaritzaren Berosi programaren baitakoa da proiektua eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko landa eremuko 38 udalerriri eragingo die. Jaurlaritzak Kutxabankekin adostutako hitzarmenari esker kutxazain automatikoak jarriko dituzte, finantza bazterketa murriztu eta landa eremuko oinarrizko zerbitzuak bermatzeko helburuarekin. Guztira, 1.149.000 euroko aurrekontua du proiektuak.
Berosi programa Landa Garapenaren 2030 Estrategiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Garapenerako Programaren parte da. Ekimen hauen bidez, sailak “landa eremu bizia, berritzailea eta oinarrizko zerbitzuekin hornitua izateko konpromisoa” berretsi du, “lurralde kohesioa eta aukera berdintasuna” bermatzeko. Jaurlaritzak bilera errondak eginak ditu aukeratutako udalerrietako udalekin.
Bost herri Gipuzkoan
Ezkiorekin batera, Abaltzisketa, Albiztur, Hernialde eta Leaburun ere jarriko dute martxan zerbitzua. “Kutxazain hauen ezarpenak oinarrizko zerbitzua eskainiko die udalerri hauetako herritarrei. Sail honek lanean jarraitzen du landa eremuetako bizilagunen bizitza hobetzeko”, esan du Amaia Barredo, Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.
Egindako esleipenaren arabera, jarriko dituzten 38 kutxazain horietatik 31 bi urteko epean jarriko dira martxan. Ezkion oraindik ez dute data zehatzik, baina aurten izatea espero du alkateak; “zain gaude Kutxatik gurekin harremanetan jartzeko”, zehaztu du.
Ezkiorentzako “garrantzi handiko” urratsa dela baieztatu du Telleriak. “Garaiak aldatzen ari dira eta horrelako zerbitzuen beharrak txikiagoak dira orain, baina herrian kutxazain bat edukitzeak bere garrantzia du”, dio. Adineko jendeari egingo dio batez ere mesede, «gazteagoak errazago moldatzen dira beste modu batzuetara”, esan du.
Kutxazaina non kokatu ere erabakita dute dagoeneko: “Udaletxearen alboan jarriko da”. Izan ere, aurretik eginak ditu beste saiakera batzuk udalak beste entitate batzuekin: “Ez zaie erakargarria egiten, zerbitzu defizitarioa da. Orain, hitzarmen honen bitartez, Kutxak hartu du konpromisoa bere gain”.
Kutxazaina jartzeko “obra txiki” bat egin behar da, baldintza jakin batzuk bete behar dituelako espazioari dagokionez. Obra horren kostua udalak hartuko du bere gain.













