Martxoaren 21eko musika jaialdirako sarrerak, asteburuan salgai
Bihar 18:00etatik 20:00etara eta igandean 12:00etatik 14:00etara izango da sarrerak erosteko aukera, hamar euroan, San Martingo plazan.
Añube taldeko musikariak, tartean Egoitz Goikoetxea ataundarra. Hitza Kultur zein musikazaleek hitzordu garrantzitsua dute datorren martxoaren 21ean, Ataunen. Naza kultur elkarteren ekimenez, musika jaialdi berezia antolatu dute Auzoeta kiroldegian. Oholtzara igoko dira Añube, Lehen Lerroa, Gorroto Bala, DJ Lizarrusti eta Balins Rock & Roll DJ, besteak beste. Añubek aurten Goierrin emango duen kontzertu bakarra izango da.
Arratsaldeko 17:00etan zabalduko dira ateak, baina bertaratu nahi duenak aurrez sarrera erosi beharko du, hamar euroan. Dagoeneko iragarri dituzte aurreneko salmenta puntuak. Lehen aukera bihar arratsaldean izango da, 18:00etatik 20:00etara, San Martingo plazan, eta bigarrena, berriz, igande eguerdian, 12:00etatik 14:00etara, toki berean. Ondoren, eskualdeko beste hainbat herrietan ere jarriko dituzte salmenta puntuak, aurrerago jakinaraziko direnak.
Ekintza ezberdinez beteriko eguna izango da, eta antolatzaileek bertaratzeko deia egin die herritarrei zein goierritarrei.














