Musikak duen matematika hizpide Igartzako jauregian, bihar
Osane Oruetxebarria.EHU Urtarrila, Matematikaren bila zikloaren bigarren hitzaldia eskainiko du bihar Osane Oruetxebarriak, Igartzako jauregian, 19:00etan. Jean Le Rond D’Alembert Frantziako matematikariarekin hasi eta Neomak taldera iritsiko dira solasaldian.
Lemniskatak azaldu duenez, D’Alembert musikaren lehen teorikotzat hartzen da; harien bibrazioa aztertuz, soka dardarkari baten mugimendua ekuazio diferentzialen bidez irudikatu daitekeela frogatu zuen, eta ekuazio horren soluzio orokorra adierazi zuen. «Bestalde, Musika soinuaren bidez adierazten da, eta, matematikaren ikuspuntutik, soinuak uhinak dira. Beraz, D’Alamberten harien bibrazioa musika tresna desberdinetan agertzen diren bibrazioetara (uhinetara) heda daiteke. Horren adibide batzuk ikusiko ditugu, tresna tradizionaletik Neomak taldeak erabiltzen duen adufe musika tresnara».
EHUko matematikan doktorea da Oruetxebarria. 1992tik Matematika saileko Analisi Matematikoko irakasle, hainbat gradutako irakasgaiak eman ditu, beti euskaraz. Ikerkuntzan, Eusko Jaurlaritzako ikerkuntza talde egonkortu bateko kide da.













