Zubeldia eta Zubizarreta gailendu dira Garinen
Gaur eman zaio hasiera 2026ko Goierri Kopa Trailari. Hurrengo lasterketa Ordizian izango da, otsailaren 15ean.
Oier Zubeldia amezketarra helmugan sartzen. Martxan da 2026ko Goierri Kopa Traila. Gaurko Garingo Mendi Lasterketak eman dio hasiera denboraldiari, eta lasterkariek argi utzi dute maila altua dagoela aurten ere. Iaz bezala, Oier Zubeldia amezketarra eta Irati Zubizarreta beasaindarra izan dira helmugaratzen lehenak. Zubeldiak 59:51 behar izan ditu 12,20 kilometroko zirkuitua osatzeko, eta Zubizarretak, berriz, 1:16:23.
11:00etan puntuan abiatu dira hasiera marratik berrehundik gora korrikalari. Ibilbide osoan zehar lokatz ugari izan dute, eta freskura nagusitu da; hala ere, ateri eutsi dio. Eguraldia goibela izan arren, Trapalata Txarangak giroa alaitzen lagundu du, eta jende ugari hurbildu da Beasaingo auzora.
Parte hartu duten lasterkarien %16 emakumeak izan dira, eta %84 gizonak. Goierri Kopa Traileko hurrengo lasterketa Ordiziako Mendi Lasterketa izango da, otsailaren 15ean.
Sailkapena
- Gizonezkoak:
- Oier Zubeldia Albeniz (0 :59:51 )
- Aitor Zunzunegi Tapia (1 :01:38)
- Mikel Usandizaga Zubiaurre (1 :02:08)
- Emakumezkoak:
- Irati Zubizarreta Armendariz (1 :16:23)
- Garazi Abasolo Mujika (1 :16:54)
- Adirane Peñagarikano Esteibar (1 :18:41)
Sailkapen guztia hemen.













