Arkume jaio berriak ikusteko bisita Ondarren
'Gaztagintza eta arkumeen sekretuak' jarduera antolatu du beste behin, Anduetza parketxeak Ondarren. Igande honetarako saioa beteta dago jada. Bigarren saio bat izango da otsailaren 8an.
Haur bat Segurako Ondarreko artegian, artxiboko irudian.Ane Garmendia Ondarre baserriko artaldean arkumeak jaio berri dira eta artzainak Idiazabal gazta egiten hasten dira orain. Ondarre baserrian Goiburu familiak 200 urte baino gehiago daramatza gazta egiten eta Eneko Goiburuk, familiako artzain gazteak, bere baserrian, gaztagintzari lotutako sekretu ugari erakutsiko ditu beste behin, Zegamako Anduetza parketxearekin batera antolatu duten Gaztagintza eta arkumeen sekretuak ekimenaren baitan.
Arrakastatsua izaten da beti jarduera hau eta Anduetzatik jakitera eman dutenez, dagoeneko beteta dago igande honetako saioa. Lekurik gabe geratu direnentzako aukera berri bat izango da otsailaren 8an.
Ukuiluan hasten da jarduera. Bisitariek arkume jaio berriak gertutik ikusteko aukera izango dute eta Latxa ardiari bazka emango diote. Gero, Ondarre baserrian, Goiburuk gazta egitearen prozesua azalduko du; baita, artzainek erabiltzen dituzten tresnen bilakaera erakutsi ere. Bukatzeko, gazta ketua, ketu gabea eta gazta-zarra dastatzeko aukera izango da, sagardo eta uraz lagunduta; beraien ezaugarrien inguruko azalpenak entzunez.
Ondarre abiapuntua
Datorren otsailaren 8an, Ondarre gaztandegia (Segura) izango da elkargunea, 11:00etan. Prezioa 14 eurokoa da helduentzat eta 7 euro haurrentzat (3-12 urte). Bisita gidatua aterpean izango da eta oso egokia da adin guztietako herritarrentzat, baita familientzat ere.
Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko anduetza@gipuzkoanatura.eus helbidea idatzi, edo 943 80 21 87 edo 688 62 36 09 zenbakietara deitu daiteke.













