Baratze publikoetan lursailak eskatzeko aukera dute lazkaotarrek
Interesdunek urtarrilaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dute eskaera. Lazkaon erroldatuta egotea eta baratzerik ez izatea behar dira lursailak eskuratzeko.
Herriko baratze publikoetan bi lursail berri libre geratu dira Lazkaon, eta horien ustiapen zein erabilerarako, eskaerak aurkezteko epea zabaldu du Lazkaoko Udalak. Lursail horiek, batik bat, aurreko esleipen-prozesuaren ondoren geratu dira hutsik, eta interesa dutenek datorren astelehenera arte, urtarrilaren 26a, izango dute eskabidea egiteko aukera.
Bi modu izango dira eskaerak aurkezteko: bata, aurrez aurre eginda, udaletxera bertara joanda, eta, bestea, erregistro elektronikoaren bidez udalaren webgunean eskuragarri dagoen galdetegia beteta. Ekimen honen bidez, herritarren parte-hartzea sustatu nahi da, besteak beste, ingurumenaren zaintzan, bizimodu osasungarriaren aldeko jardueretan eta laborantza jasangarrian.
Gutxieneko baldintzak
Hala ere, gutxieneko baldintza batzuk betetzea derrigorrezkoa izango da eskaerak aurkezterako garaian, eta horiek betetzen ez dituztenak baztertu eta lursailak kudeatzeko aukera galaraziko zaie. Lursailetako bat eskuratzeko, hain zuzen, beharrezkoa izango da Lazkaon erroldatuta egotea, laborantza-lanak egiteko beharrezkoa den gaitasun-fisikoa izatea, Lazkaoko Udalarekin dituen zergen eta bestelako betebeharren ordainketak egunean izatea, eskatzailearen familiako inork beste baratze publiko baten erabilerarik ez izatea, eta ez eskatzaileak eta ezta bere familia-unitateko inork laborantzarako egokiak diren lursailik ez izatea, ez jabetzan, alokairuan edota usufruktuan ere.
Informazio gehigarrirako
Inork zalantzarik izatekotan ere, telefono zenbaki bat eta helbide elektronikoa herritarren eskura jarri ditu Lazkaoko Udalak. Hartara, zalantzak galdetu eta informazio gehigarria eskuratzeko ere, udaleko helbidera idatzita edota 943 08 80 80 zenbakira deituta jar daitezke harremanetan, eta baita presentzialki udaletxera joanda ere.













