Iaz baino aurrekontu handiagoa izatea aurreikusten du Gaintzak
Datorren otsaileko Osoko Bilkuran onartuko dute Gaintzako Udalaren urte berrirako behin betiko aurrekontua.
Gaintzako herriaren ikuspegia. Mikel Albisu Behin behieneko izaerarekin onartu da oraingoz Gaintzako Udalaren 2026rako aurrekontua, urtarrilaren 17an burututako ‘Gaintza Egiten’ parte-hartze prozesuan herritarrek onartu ondoren. Hala ere, zirriborroa izaten jarraitzen du oraindik, eta datorren otsailean egingo den Osoko Bilkuran hartu beharko dute aurrekontuen inguruko behin betiko erabakia. Printzipioz, 523.400,00 euroko kopurua izango dutela aurreikusi da urte berri honetarako, iazko aurrekontua 25.000 euroan hazita. UFFF foru finantziazio funtsaren igoerak zein ekainean izandako euriteen kalteei aurre egiteko bideraturiko dirulaguntzek ahalbidetuko dute hazkunde hori. Inbertsioetarako, berriz, 205.895,00 euro inguru bideratzea aurreikusten da.
Esku artean proiektu ezberdinak izan ditu orain arte Gaintzako Udalak, eta horietako batzuei forma ematen ari bada ere, atzera bota dituzte beste batzuk, hala nola udaletxeko eraikina etxebizitzetara birgaitzearen proiektua; iragan parte-hartze prozesuan herritarren gehiengoak ekimenari ezezkoa eman ostean, proiektua bertan behera utzi dutela azaldu du udal gobernuak.
Funtsezko inbertsioak
Ertotxe etxearen erosketarekin, bestalde, aurrera jarraitzen du udal gobernuak, eta erosketa gauzatu duen hitzarmena sinatu dute dagoeneko; azken ordainketa egiterakoan sinatuko dituzte eskriturak, eta horregatik, horretara bideratzea aurreikusi da inbertsioetako diru kantitate handienetakoa.
Baina ez horretara bakarrik. 2025ean nahikoa lan suposatu duten ekaineko euriteen kalteei aurre egiteko ere diru partida handi bat bideratzea aurreikusten da, Ertotxekoaren antzekoa. Ekainaren 13ko euriteek herrian eragindako kalte materialez gain, bost bide kaltetu zituzten, zenbait herritarrei horietara sarbidea «erabat» oztopatu zietelarik.
Gainontzean, berrikuntza gutxi izango direla ziurtatu dute, eta iaztik datozenei eutsiko dietela aurreikusten dutela iragarri dute: herriko mobiliarioa eta itxura zaintzea, azpiegiturak txukuntzea (paper ontziak, eserlekuak, paretak zein iturriak) edota herriko jaietarako, Periazokarako, ospakizunetarako zein kultur ekitaldientzako diru partidak gordetzea.
Peribidea gertuago
Apirilaren 19an egingo den Periazokaren bigarren edizioaren egunerako aurreikusten du Gaintzako Udalak Peribidea berreskuratzeko lanak amaitu eta inaugurazioa egitea. Izan ere, Peribidearen homologazioarekin amaitzeko ezer gutxi falta dela azaldu dute, eta Altzaga, Arama, Ordizia eta Gaintzaren arteko hitzarmena «aurki» sinatuko dela. Garai batean asteazkenetan Ordiziako azokara joateko erabiltzen zen oinezkoen bidea zen Peribidea, eta hura berreskuratzeko ahaleginetan ari dira iaztik; lau bat kilometro inguruko ibilbidea izatea aurreikusten dute, eta Mendi Federazioak burutuko dituen lanak amaitzea falta dela azaldu dute.
Amaierara iristen ari den egitasmo honetan, Goitur eta Jakintza Ikastolaren parte-hartzea ere funtsezkoa izaten ari dela nabarmendu dute: «Peribidearen osagarri izango dira Jakintzatik osatu duten ipuin tematikoa eta Federazioak zintzilikatuko duen Track-a». Panelak, berriz, Ordizia eta Gaintzan jarriko dira, eta ibilbidean zehar geziak izango dira bidelagun.
Legealdi «zaila»
Legegintzaldiaren azken laurdenean sartzera doa Gaintzako udal gobernua, eta koalizioko kideek ziurtatu dute «urte zaila» izaten ari dela: idazkariaren arazoa, administrari postua egonkortu ezinda egon direnean emandako aldaketak, euriteen ondorengo kudeaketa luze bezain neketsua, zinegotzi baten dimisioa, langileen bajak… ez da makala izan udalak jasan behar izan duen egoera, baina orain arteko lan guztiari «bultzada bat» eman nahi diotela ziurtatu dute, «hurrengoek bide leunagoa izan dezaten».












