Sanblasak, hasteko prest
Jai giroko hainbat ekitaldi izango dira, bihartik. Makalak eta Ata idiazabaldarrak, herri kirol apustuan. Herri krosaren 45.ena, igandean izango da.
Igarondo leporaino, iazko herri kirol desafioan. Tere Madinabeitia San Blas jaiak hastear daude Idiazabalen. Festetako asteburu nagusia datorren astean izango bada ere, —urtarrilaren 30ean izango da pregoia eta Axariaren jaitsiera— gaurtik jai giroko hainbat ekintza daude antolatuta motorrak berotzen hasteko. Jaietako lehendabiziko asteburuan, ohi bezala, kirol arloko ekitaldiak izango dira nagusi; baina jai giroko ekitaldietan normala denez, dantza eta musika erakustaldiak ere izango dute bere tokia datozen egunetan.
Urtero bezala, Kantu jira taldeak izango du aurten ere, Sanblasei hasiera emateko ardura. Bihar, 16:00etan eguneko zentroan emanaldia egingo dute, festak kaletik egoitzara eraman eta egoiliarren artean jai giroa sortzeko asmoz.
Larunbaterako bost ekintza daude aurreikusita egitarauan. Plater tiraketa saioarekin hasiko dute eguna goizean eta eguerdi partean, Izarretan dantzan dantza modernoko ikasleen erakustaldia izango da Igarondon, Izar Aguilarren gidaritzapean. 3 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteek hartuko dute parte ikuskarian, jaietarako bereziki prestatutako koreografiak ikusleei eskaintzeko.
Makala arerio bila
Arratsaldean, urtero ikusmira handia sortzen duen herri kirol apustua izango da Igarondon. Aurten, idiazabaldarren arteko norgehiagoka izango da. Orain arteko desafio guztiak irabazi dituen Makalak talde beteranoa, Ata gazteen aurka arituko da. «Betidanik izan dugu pikea elkarren artean. Kosta zaie baina aurten azkenean animatu dira», esan du Makalak taldeko Gari Garmendiak. Bederatzi froga gainditu beharko dituzte: aizkoran, ingudean, harri-jasotzen, korrikan, giza-frogan, lasto altxatzen, txingekin, trontzan eta oskol biltzen; lau buelta bakoitzeko.
Makalak ez du gaindituko duen talderik aurkitu orain artean, baina ikusteko dago aurten, Ata beraiek baino gehiago izango den edo ez. Larunbateko apustuaz harago, Goierriko beste herriei ere bota die desafioa Garmendiak, «beste herri batzuetan ere mota honetako ekitaldiak antolatzera animatu nahi ditugu. Gu prest gaude aurkari bezala joateko», esan du. Txistularien kalejirak eta alardeak osatuko du larunbateko agenda.
Herri korsaren 45. edizioa jokatuko da igande goizean eta arratsaldean, haurren danborradak hartuko ditu kaleak. Futbito txapelketako finalerdiak ere jokatuko dituzte, Beertrunken FC eta Moreda; eta Agnio eta Axuribeltzak taldeen artean.
Ikusi Sanblasetako egitaraua osorik hemen.

Haurren parte hartzea hauspotu nahi dute Idiazabalgo 45. Herri krosean
Idiazabalgo herri krosak 45. edizioa beteko du igandean. Helduen lasterketarako abenduan itxi zuten izen ematea, eta aurten lehenengo aldiz, itxaron zerrenda bat ere osatu behar izan dute eskaerari erantzuteko. Baina, 45. edizio honetan, gazteenen lasterketan egin du bereziki azpimarra antolakuntza taldeak eta Idiazabalgo eta inguruko haurrak animatu dituzte bertan parte hartzera. Parte hartzeari dagokionean, haziz doan arren, betiko herri giroko lasterketa izaerari eutsi nahi dio Idiazabalgo lasterketak eta «ilusio handiarekin» ari dira prestatzen, Josu Urrestarazu antolakuntzako kideak esan duenez.
Haurren lasterketari 10:45ean emango diote hasiera igandean, «gonbita luzatu nahi diegu haurrei eta familiei. Familia giroan goiz pasa ederra egiteko aukera bikaina da herri krosa», esan du. Antolatzaileek korrikalari gazteek esperientziaz gozatzea dute helburu, «gero errepikatzeko gogoz itzuli daitezen». Parte hartzeko ez dago aurrez izena eman beharrik, «nahikoa da Idiazabalgo plazara gerturatzea».
Herri barruko zirkuitua antolatu dute, urterokoa eta zailtasunik gabea. Kategoriaren arabera, buelta gehiago edo gutxiago eman beharko zaizkio: «Benjaminek, bakarra; kimuek, bi eta gazteek, hiru». Amaieran, parte hartzaile guztiek jaosko dute domina bat opari.
770 korrikalari helduenean
Helduen lasterketan, bigarren urtez jarraian, izen emateko epea abendurako itxi behar izan zuten. Badira urte batzuk, 750 korrikalariren muga jarria dutela, «herriak ez duelako gehiagorako ematen». Guztira, 770 bat korrikalarik hartuko dute parte, konpromisozko dortsalak ere kontutan hartuta. Itxaron zerrenda bat ere ireki behar izan dute aurten lehendabiziko aldiz eta dagoeneko 150 korrikalaritik gora daude izena emanda. «Urtetik urtera lanak ondo egiten saiatzen gara eta antolakuntzarentzat eskertzekoa da korrikalariek gure herri krosaren aldeko apustua egitea», esan du Urrestarazuk.
Ibilbidea urteroko bera izango da eta hiru buelta eman beharko zaizkio guztira. Maila handiko korrikalariak espero dituzte. Gizonezkoetan, aurreko urteetan irabazi dutenetako batzuk berriz etorriko dira: Urko Herran, Unai Ibarra, Julen Teran, Ander Garin edo David Martin aipatu ditu. Urrestarazuk berak ere parte hartuko du. Emakumezkoetan, Helene Alberdi, Diana Vetillas, Nerea Murua edo Maialen Elia izango dira, besteak beste. «Maila jarriko duten korrikalari batzuk izango dira», azpimarratu du.
Jende asko gerturatzen da ikustera eta jai giroa ziurtatuta izaten da urtero. «Korrikalariek badakite dagoeneko urtarrileko azkeneko igandean Idiazabalgo herri krosa ospatzen dugula eta askok gordeta izaten dute data. Sortzen den giroak ere erakartzen du jendea», gehitu du Urrestarazuk. Ikusteko «oso lasterketa erakargarria» ere badela dio.
2021ean hartu zien erreleboa egungo antolakuntza taldeak beteranoei eta lanean jarraitzen dute: «Gogotsu gaude beste horrenbeste urtez lasterketa hau mantentzeko». Momentuz, 45.ena behintzat, beteko du datorren igandean.












