Alkartasuna Lizeotik 1.623 euro Haitiko Marbial herriko eskola politeknikoa eraikitzeko
Marbialeko eskola politeknikoaren lehenengo eta bigarren faseak amaituta daudela eta hirugarrena 2026-2027 artean egingo dela azaldu diete Herriak Elkarlanean Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideek ikasleei.
Alkartasuna Lizeoko ikasleak ekimenaren berri ematen.Laida Goiburu Beasaingo Alkartasuna Lizeoko 5. eta 6. mailako ikasleek ikasturte honetan ere hainbat ekintza solidario egin dituzte Beasaingo Herriak Elkarlanean Gobernuz Kanpoko Erakundearen eta guraso elkartearen laguntzarekin, eta gaur ekintza horien berri eman dute lizeoan egindako aurkezpenean. Aurrera eramandako ekimenen bidez 1.623,08 euro lortu dituzte, eta Haitiko Marbial herriko eskola politeknikoa eraikitzera bideratuko dute.
Abenduaren 12an eta 13an Merkatu Txikia egin zuten Plazazpian Herriak Elkarlanean-ekin batera. “Giro ederra” izan zutela nabarmendu dute hitza hartu duten ikasleek. Bidezko merkataritzako produktuak, eskolako familiek emandako jostailuak eta bestelako produktuak saldu zituzten. Horrez gain, abenduaren 24an ikasleak familiekin batera gabon eskean atera ziren.
Bigarren eskuko produktuak salduz 803 euro lortu zituzten, gabon eskean 132,47 euro, eta GKE-ak saldutakoari esker 687,61 euro. “Bidezko merkataritzaren produktuak eta elkartearen gastuak ordaindu ondoren, gelditzen zen diru kopurua ere Haitiko proiektura bideratu dugu”, azaldu dute.
Ekimenen emaitzen berri eman ondoren, Herriak Elkarlanean-eko kideek eskerrak eman dizkiete ikasleei urtero haiekin elkarlanean aritzeagatik eta, ondoren, bidezko merkataritzaren ezaugarriak eta funtzionamendua azaldu dituzte. Marbialeko eskola politeknikoaren lehenengo eta bigarren faseak amaituta daudela eta hirugarrena 2026-2027 artean egingo dela ere azaldu dute.














