Euskararen inguruan hausnartzeko elkartuko dira bihar zaldibiarrak
Gaur gaurkoz herrian errotuta dauden joerak aztertuko dituzte, eta datozen hamar urteetarako erronka eta eginbeharretara begira jarriko dira. Herritar oro gonbidatu dute saio irekira.
Zaldibiako plaza, atzean udaletxea dela. Argazkia: Aimar Maiz Zaldibian euskarak bizi duen egoeraren inguruan hausnartzeko, erroturik dauden joerak aztertzeko eta etorkizunari begira herritarrek eduki behar lituzketen erronka eta eginbeharretan sakontzeko elkartuko dira herritarrak bihar arratsaldean, 18:00etan, udaletxeko areto nagusian. Saioaren lehen zatian, diagnostikoa egingo dute: euskararen egoera orokorrari buruzko laburpena egingo dute aurrena, Zaldibian azken urteetan jaso diren datuen esposizioa egingo dute gero, azken urteetan euskararen inguruan herrian egin diren ekintza eta jarduerak kontatuko dituzte, eta herrian zabaldutako UEMAren galdetegiaren baitan zaldibiarrek erantzun dutenaren gainea hausnartuko dute, hurrenez hurren.
Bigarren zatian, berriz, galdetegian proposatu diren erronken gainean sakonduko da, datozen hamar urteetarako baliagarriak izango zaizkienak. Euskara taldeko kideei ez ezik, herritar orori egin die bertaratzeko gonbidapena.












