Herriko emakumeak, Urolako Trena maratoi erdia prestatzen
Bihar (asteazkena) 'Emakumea eta korrika' mahaingurua egingo dute: 18:30ean, Zumarragako azokan
Otsailaren 22an Urolako Trenaren inaugurazioaren mendeurrena izango da. Hori dela eta, herritar talde batek Urolako Trena Maratoia antolatu du. Urolako Trenaren ibilbidean egingo dute, egun bidegorria dena. Lehen edizioan maratoi erdia egingo dute (Zumarragako geltokitik Azpeitiko Trenaren Euskal Museora), baina 2027tik aurrera (Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegorria Zumaiaraino luzatzen dutenean) maratoia egiteko asmoa dute. Oraindik ere izena emateko aukera dago, kronoak.com webgunean.
Maratoi erdiaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Bihar (asteazkena) Emakumea eta korrika mahaingurua egingo dute. 18:30ean izango da, Zumarragako azokan. Bost emakumek parte hartuko dute: Malen Osa Ansa mendiko korrikalari eta eskiatzaileak, Igone Campos Odriozola nutrizionista eta kirolariak, Uxue Fernandez Lasa EHUko irakasle-ikertzaileak, Igone Aldama Urteaga fisioterapeutak eta Ainhoa Auzmendi Salgado fisioterapeutak.
Emakumeentzako entrenamendu saioak ere antolatu dituzte, korrikalari hasiberri zein trebatuentzat. Lehenengoa atzo egin zuten. Datozen hiru astelehenetan ere egingo dituzte: otsailaren 2, 9 eta 16an. 20:00etan elkartuko dira, Txindoki kafetegiko plazan, korrikaldia egiteko. Gutxienez hiru egunetan parte hartzen dutenek, otsailaren 22ko maratoi erdian doan parte hartzeko aukera izango dute.
Maratoi erdiaren ibilbidea ezagutu eta probatzeko aukera ere izango da. Horretarako, bi saio antolatu dira. Larunbatean Zumarragatik Aizpurutxorako bidea egin zuten (8 kilometro) eta otsailaren 7an Zumarraga eta Azkoitia bitartekoa egingo dute (14 kilometro). 08:00etan elkartuko dira, Txindoki kafetegiko plazan. Urolako bide berdean behera erritmo lasaian joango dira eta autobusean itzuliko dira.













