Urola Kirol Elkarteko nesken talde nagusia, Euskal Ligara bidean
Ohorezko Erregional mailako lehen postuan dago
Denboraldiko lehen itzulia amaituta, Urolako senior taldeen entrenatzaileek balorazioa egin dute. Bi taldeek Ohorezko Erregional Mailan jokatzen dute. Emakumezkoen taldea denboraldi bikaina egiten ari da: lehen postuan dago eta, horrela jarraitzen badu, lehenengoz Euskal Ligara igo daiteke. Lehenengoa zuzenean igoko da Euskal Ligara eta bigarrenak Bizkaiko eta Arabako bigarrenen aurka jokatuko du, txartel baten bila.
Emakumezkoen taldeak bigarren itzuliko lehen partida jokatu zuen larunbatean Argixaon. 3 eta 0 irabazi zion Aiztondori. Azken bost partidetan 13 puntu lortu ditu, lau partida irabazi eta bat berdinduta. Lehen hamasei partidak jokatuta, sailkapeneko lehen postuan dira, Elgoibarrekin berdinduta, 11 garaipen eta berdinketa batekin, 34 puntu batuta. Gainera, Urolako Emely Noemy Valladares Ohorezko Erregional Mailako goleatzaile nagusia da: hamalau gol hamasei partidatan.
Emaitza hauek azken urteetan egindako lanaren fruitua dira. «Azken denboraldietan taldeak aurrerapauso bat emana zuen sailkapenari dagokionez, baina irregulartasunaren arazoa genuen. Aurtengo helburuetako bat sendotasun hori lortzea eta talde lehiakorragoa izatea zen, gainditzeko zaila», azaldu du Aitor Irizar entrenatzaileak.
Hasiera kaxkarra
Denboraldi hasiera ez zen batere ona izan, ordea. «Lehen zazpi jardunaldien ondoren, aurreko denboraldietan baino hobeto lehiatu arren, lau porrot eta hiru garaipen batu genituen eta lehen sailkatuengandik urrun (11. postuan) ginen. Baina lan ildoa argi geneukan eta emaitzak iritsiko zirelakoan ginen», gaineratu du Irizarrek.
Ideiak argi izateak eta markatutako bideari jarraitzeak saria ekarri zuen azkenean. «Emaitzak aurkari indartsuenen aurka iristen hasi ziren eta lehen itzuliko azken zortzi partidetatik zazpi irabaztea lortu genuen. Sailkapeneko lehen postuan gaude hamasei partiden ostean, oinak lurrean eta begirada hurrengo partidan jarrita. Lehiatzen jarraitzeko asmoz gaude eta nabarmendu nahiko nuke kategoriaren maila urtero esponentzialki igotzen ari dela», gaineratu du.
Eta hemendik aurrera zer? Hankak lurretik altxatu gabe, mugarik ez diote jartzen Urolako neskek euren buruari. «Bigarren itzuli zirraragarria daukagu aurrean, indibidualki zein kolektiboki. Egunez egun hobetzeko helburua daukagu, eta horrek auskalo zer ekarriko digun. Anbizioa, lana eta sailkapenean lehenengo postuetan jarraitzeko gogoak hor daude», amaitu du Irizarrek. Aste honetan azken hiru partidak irabazi dituen Oiartzun B taldearen aurka jokatuko dute Oiartzunen eta otsaileko lehen asteburuan Elgoibarren aurka Zumarragan.
Gizonezkoen senior taldeko entrenatzailea, Mikel Imaz, ez da horren gustura ageri. «Uste dugu sailkapenak ez duela talde honen eta jokalari hauen benetako maila islatzen». Debako Amaikak Bat taldearen aurka berdindu ostean, Urolaren Ohorezko Erregional mailako mutilak hamahirugarren postuan daude, 20 punturekin. Talde gazte guztien berezko «sendotasun gabezia» da Imazen iritziz denboraldiaren lehen txanpa laburbiltzen duena.
Konstantzia falta
Dena den, ziur dago sailkapenean gorago egoteko taldea dutela. «Konstantzia falta izan zaigu. Denboraldi hasieran, jokalari garrantzitsu batzuen lesioak izan genituen arren, taldeak joko aldetik maila ona azaldu zuen eta partida batzuetan arerioek baino gol aukera gehiago sortu genituen, baina emaitzak ez ziren nahi genituenak izan eta oso gaizki hasi genuen denboraldia. Zazpigarren jardunalditik aurrera, zazpi partidatako dinamika on batean sartu ginen (lau garaipen eta hiru berdinketa eskuratu zituzten) eta espero genuen maila eman genuen. Jokalariak konfiantzarekin aritu ziren eta joko aldetik oso ondo, golak sartuz eta defentsan ere askoz indartsuagoak sentituz».
Hamalaugarren jardunaldian, ordea, bolada on hori amaitu egin zen eta taldea ezinean aritu da azkenaldian. Azken bost jardunaldietan ez dute partidarik irabaztea lortu. «Egia da, sentsazio aldetik, taldea ez dela beste inor baino gutxiago sentitzen, baina azkenean futbola emaitzak dira eta alde horretatik ez gaude horren gustura».
Bigarren itzulia
Bigarren itzulian emaitza hobeak lortzea espero du. «Bigarren itzulirako gure helburua jokalarien konfiantza eta mailarik onena berreskuratzea da. Defentsan indartsu egotea eta horrenbeste gol ez jasotzea», aipatu du Irizarrek. Helburu horiek lortzeko bidean zaleen babesa garrantzitsua izango delakoan, Urolaren zuzendaritzak herritarrei Argixaora igo eta jokalariak laguntzeko deia luzatu die.














