Fraktalak hizpide, ‘Urtarrila, Matematikaren bila’ hitzaldi zikloa ixteko
Lemniskata Argazki Lehiaketako sariak ere banatuko dituzte bihar.
Urtarrila, Matematikaren bila zikloko azken hitzaldia egingo du Aniceto Murillo Geometriako eta Topologiako katedradunak bihar Igartzako jauregian, 19:00etan hasita. Los fractales nos invaden du izena saioak, eta hain zuzen, fraktalak izango ditu hizpide adituak. Euskaltzaindiaren definizioa hau da: «Objektu geometrikoez mintzatuz, zatikatua edo itxuraz irregularra den oinarrizko egitura eskala edo neurri ezberdinetan errepikaturik duena».
Malagako Unibertsitatean da Geometria eta Topologiako katedraduna Murillo, eta ikerketa-egonaldiak egin ditu Espainiar estatuko zein nazioarteko hainbat zentrotan. Lemniskata Sare Herrikoiak azaldu duenez, nazioartean ezaguna da topologia aljebraikoan. Ferran Sunyer i Balaguer ikerketa saria irabazitakoa da. «Matematika dibulgatzeko lan ez beti errazaren zale amorratua da».
Hitzaldian, «lagunarteko eta dbulgazioko izaera galdu gabe», geometria fraktalari misterioa eranzten ahaleginduko da Murillo, adituak ez direnei ulertarazten ahaleginduta: «Fenomeno naturalak ulertzeko nahiz zientziaren eta artearen hainbat arlotan erabiltzeko tresna ahaltsu gisa aurkeztuko du».
Lehiaketa eta ‘Mateplaza’
Hitzaldi zikloa amaituko da azken horrekin, baina ez zikloa bera; bihar ere, ordu berean Igartzako jauregian, XII. Nazioarteko Lemniskata Matematika Argazki Lehiaketako sariak banatuko dituzte, eta argazki hautatuekin osatutako erakusketa irekiko dute.
Igandean, aldiz, adin guztietako herritarrei zuzendutako Beasain mateplaza, Matematika kalean ekimena izango da plaza inguruan, 11:00etatik 13:30era bitartean. Hamabost jarduera egongo dira aukeran, matematika ardatz. Leonardo Da Vincik diseinatutako zubia edo kupula eraikitzeko aukera izango da, baita kalean erabili ahal izateko beste hainbat erronka eta joko ere.












