Gainzuri-Komentua egitasmoaren inguruko eztabaida Urretxuko udaletxean
Gainzuri-Komentua proiektua martxan jartzea kostatzen eta atzo horren inguruko eztabaida piztu zen Urretxuko osoko bilkuran. Gainzuri-Komentua eremuan etxebizitzak, igogailua eta goiko auzoetako irisgarritasuna hobetuko duten obrak egingo dira. Iazko martxoan promotoreari 10 etxebizitza gehiago egiteko baimena ematea onartu zen, baina oraindik ez du obra hasi. Hori dela eta, EH Bilduko Jon Altolagirrek promozio martxan noiz jarriko den galdetu zuen. Jon Luqui alkateak sustatzaileari lehenbailehen hasteko eskatu diotela eta hala egiten ez badu plan alternatibo bat martxan jarriko dela erantzun zuen. “Epe motzean hasiko dela esan digu. Proiektu garrantzitsua da udalarentzat eta bera mugitzen ez bada, gu mugituko gara. Duela aste batzuk berarekin elkartu ginen eta ez zen bilera atsegina izan”, esan zuen alkateak.
Altolagirrek “zirt edo zart” egitea eskatu zuen. “Osoko bilkura honetara HAPOaren aldaketa ekartzea espero genuen. Impasse egoera batean jarraitzen dugula ikusten dut. Guk hasieratik genuen errezeloa. Etxeak, igogailua eta gainontzeko irisgarritasun neurriak proiektu berean sartzearen aurka geunden. Egitasmoa 2021ean onartu zen, iazko martxoan etxebizitza gehiago egitea onartu zen eta berdin jarraitzen dugu. Zirt edo zart egin beharko dugu. A plana aurrera ateratzen ez bada, B, C edo D plana egin beharko da. Play-ari emateko eskatzen dizut”.
Luquik bere legealdietan etxe asko egin direla gogoratu zion. “Guk behintzat etxeak egin ditugu. Zuen garaian zero etxebizitza egin ziren. Sustatzaileak ez du HAPOaren aldaketa behar obra hasteko. Gurekin dena ondo lotzen ez badu, ez diogula etxebizitza gehiago egiten utziko esan diogu. Guri plangintza bat ekartzea nahi dugu: tasak noiz ordainduko dituen, obraren epeak… Berak ere badaki denbora amaitzen ari zaiola. Denbora bukatzen zaionean, B, C edo D plana martxan jarriko dugu. Guk 197 etxebizitza egin ditugu. Gipuzkoan ez dago horrenbeste etxe egin dituen gure tamainako herririk. Ezin diguzue ezer leporatu, inon baino etxe gehiago egin dira biztanleko”.












