Ekain Imaz errugbilari beasaindarrari bi urterako luzatu dio kontratua Biarritz Olympiquek
Atzo gauean jakinarazi zuen Lapurdiko taldeak fitxaketa. "Etxean jarraitzeko aukera" bermatu duelako, "oso pozik" dagoela agertu du Imazek.
Ekain Imaz Agirre errugbilaria beste bi urtean, gutxienez, ariko da Biarritz Olympique taldean. Atzo gauean zabaldu zuen talde lapurtarrak kontratu luzapenaren albistea, “historiak jarraizen du” goiburutzat duen jokalariaren bideo bat editatuta. Beasainen 2002an jaioa, abenduan beteko ditu 24 urte Imazek. Frantziako Rugby Pro D-2 bigarren mailan ari da BOrekin, eta Espainiako selekzioan ere usu jokatu ohi du.
Kontratuaren berriarekin batera, poztasun adierazpena egin du sare sozialetan Imazek: “Oso pozik beste bi urtez etxean jarraitzeko aukeragatik”, esan du, euskaraz eta frantsesez, BOren kontu ofizialetan. 2019an fitxatu zuen Biarritz Olympiquek, eta 2023ko apirilean debutatu zuen lehen taldearekin. 2024ko udazkenean berritu zuen kontratua, eta Miarritzen beste bi urterako eliteko errugbilari izaten jarraitzeko bermea suposatuko dio oraingo luzapenak. Hirugarren lerroko erdikoa da, 104 kiloko eta 1,90 metroko gorputzarekin.
Ordiziako Errugbi Taldean hazitako eta hezitako jokalaria da Imaz, 10 urterekin han hasi baitzen errugbian. Harrobiko klubak ere berehala zoriondu du: “Kontratuaren berrikuntza hau zure talentuari, lanari eta eliteko jokalari gisa egindako aurrerapenari merezitako aitorpena da. Zutaz oso harro jarraitzen dugu. Etapa berri honek are urrunago eraman zaitzala zure ibilbidea. Aurrera beti, Ekain”, desio dio Ordiziako taldeak Imazi.













