Legazpiar berriei harrera egin diete, herriak eta herritarrak elkar zaintzeko opatuta
2025ean udalerrian erroldatu ziren 261 lagunetatik 30 bat bertaratu dira gaur udaletxera. Diploma bana jaso dute, aurreneko ongietorri instituzionalean.
Legazpira 2025. urtean zehar iritsi ziren 261 herritar berrien udalaren ongietorri instituzionala jaso dute gaur eguerdian, lehenbiziko aldiz udaletxean ospatu duten harrera ekitaldian. Legazpiz kanpoko beste herriren edo herrialderen batetik etorritako guztiek zuten gonbidapena, eta 30 bat lagunek parte hartu dute.
Eric Galvez alkateak zazpi hizkuntzatan ongietorria eman ondoren, Legazpiarentzat “egun garrantzitsua” dela esan die: “Erroldatzea ez da ekintza administratiboa soilik, hemen bizi, hemen lan egin, hemen hezi, eta hemen berriz hastea ere bada”. Etorkinen ibilaroak oso ondo ulertzen dituela azaldu du, bere lau aitona-amonak kanpotik iritsi zirela gogoratuta. “Extremaduratik etorri ziren, lan bila edo bizitzako egoerek bultzatuta. Aitona bat errepublikanoa zen, heriotzara zigortua. Emaztea ere Dominikar Errepublikakoa dut”, azaldu du Galvezek.
Gaur egun, Legazpin 52 naziotasun desberdinetako herritarrak bizi dira, guztira 8.442 bizilagun. Iaz 42 haur jaio ziren herrian, eta ume gehiago izatera animatu ditu alkateak herritarrak. Legazpi “iritsiera herria” dela aitortu du, “lan, lasaitasun edo aukera bila datozenentzat”. Herrian laguntza topatuko dutela agindu die. Bestetik, euskara ikastera animatu ditu herritar berriak –hitzaldi ia osoan gaztelania erabili du–. “Euskara egoteko era bat bat, erlazionatzeko era bat. Poliki-poliki, gerturatu euskarara, beldurrik gabe. Euskara ikasitakoan ate bat irekitzen da, eta komunitate batera sartzen da hortik”.
Azkenik, herriak eta herritarrek elkar zaintzeko desioa ere agertu du alkateak: “Zaindu ezazue Legazpi, eta Legazpik zuek zainduko zaituzte”. Ekitaldian izan dira Amaia Aizpuru, Miriam Galilea eta Edurne Matias zinegotziak ere.
Naziotasun bakoitzeko ‘enbaxadoreak’
Galileak gogoratu du etorkinentzako Harrera Gida iaz sortu zuela udalak, eta iritsieran bakoitzari ale bana ematen zaiola. Bestetik, ‘enbaxadore’ figura zer den azaldu du. Naziotasun bakoitzeko kolektiboaren ordezkari gisa herritar bat izendatzen dute. Gaur egun hamabi ‘enbaxadore’ daude Legazpin, eta zazpi izan dira harrera ekitaldian, Kuba, Peru, Mendebaldeko Sahara, Venezuela, Maroko, Dominikar Errepublika eta Nikaraguako komunitateen ordezkariak. Gehiagori animatzeko deia egin diete; “herria eta gure kultura erakusten” diete. Aurten, Kulturarteko Eguna hirugarren aldiz ospatuko dutela ere aurreratu dute.
Iaz herrian jaiotako 42 haurrei eta euren familiei, berriz, otsailean egingo die udalak ongietorri ekitaldia, lehenagotik hasitako ohitura mantenduta. Herritar berrien ekitaldia, berriz, lehenengo aldiz antolatu dute gaur. Bakoitzari banan-banan deituta, diploma eta Legazpiko poltsa bana eman diete. Sarreran, Mundutik Legazpira izeneko munduko mapan herritar bakoitzak bere jatorria eranskailu batekin markatu ahal izan du. Euskal Herria, Karibe itsasoaren bueltako herrialdeak eta Afrikako mendebaldeko itsasertzekoak geratu dira legazpiar berrien sehaska zaharren testigu ugarienak.













