Ordiziako PSE-EEk Udal Etxebizitza Plana «aktibatzeko proposamenak» egin dizkio EH Bilduri
Bost eginbeharretan ardaztu dute euren proposamena, eta onartuz gero, onurak ekarriko lituzkeela aurreikusten dute.
Ana Sanchez Herraez, Ordiziako PSE-EEren zinegotzia.PSE-EE «Ordiziak gazterian, adinekoengan eta zaintzen dituztenengan pentsatzen duen etxebizitza politika bat behar du, etxebizitzaren funtzio soziala edozein logika espekulatiboren gainetik jarriko duena». Hala azaldu du Ordiziako PSE-EEk komunikabideetara bidalitako oharrean, eta 2026-2027 Udal Etxebizitza Plana «garatzeko proposamenak» aurkeztu dizkio EH Bilduri.
Proposamena «aurrekontu errealista eta jasangarrian» oinarritzen dela azaldu du Ana Sanchez Ordiziako PSE-EEko zinegotziak, «diru-sarrera arruntak, ez ohiko baliabideak eta udal funtsen kudeaketa zuhurra» uztartzen baititu. Bost eginbeharretan ardaztu dute proposamena: Etxebizitza Mahaia sortzea, Udalaren Etxebizitza Bulegoa abian jartzea, Etxebizitzaren Udal Funtsa eratzea, Etxebizitza eskuragarria sortzea eta Eraikitako parkea kontserbatzea eta birgaitzea.
2026 urtearen erdialdean aktibatuko litzatekeela jakinarazi du, eta onartuz gero, lehen urtetik aurrera zenbait onura ekarriko lituzkeela aurreikusten du: «udal ahalmen publikoa indartzea, etxebizitza eskuragarriak sortzea eta eraikitako parkea hobetzea», besteak beste.
Hartara, 2026rako aurreikusitako kostua ere -391.500 eta 413.500 euro artekoa- horretara bideratuko litzatekeela ohartarazi du: «Planaren egiturazko elementuak abian jartzeko eta etxebizitza eskuragarrien programetarako, etxebizitza hutsen egokitzapenerako eta egoitza-parkea birgaitzeko erabiliko da».













