Emakume zientzialarien lana ezagutarazteko erakusketa ikusgai, Ordizian
Barrena Kultur Etxeko sarreran ikusgai dago 'Zientzia-emakumeak argira' erakusketa, otsailaren 20ra arte. Lau euskal zientzialariren eta zortzi mundu mailakoen lanak biltzen ditu. Ordiziako ikastetxeek ekimenarekin bat egin dute; ginkanan parte-hartuko dute.
Ordiziako Udalak ere bat egin du otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin, zientziaren arloan ibilbidea egin duten emakumeen lanak ikusgai jarrita. Ekimen hau Gipuzkoako beste hamabi udalerritan ere gauzatzen ari da, Elhuyar elkartearekin lankidetzan, eta besteak beste, arlo honetan emakumeek egiten duten ekarpena aitortzea eta euren lana balioan jarri zein ezagutaraztea da helburua. Kasu honetan, Zientzia-emakumeak argira erakusketa ikusgai jarri dute jada Barrena Kultur Etxeko sarreran, eta otsailaren 20ra arte iraungo du.
Erakusketak lau euskal zientzialariren lanak biltzen ditu –bi gipuzkoar, bizkaitar bat eta arabar bat–, eta baita beste zortzi mundu mailako emakume erreferente errealen lanak ere –zientzialari mexikarrak, palestinarrak, nigeriarrak, australiarrak eta txinatarrak, kasu–. Askotariko diziplinak ordezkatzen dituzte emakume horiek, eta belaunaldi, jatorri eta ibilbide profesional ezberdinetakoak dira: iraganeko zein gaurko zientzialariak, arrazializatutako emakumeak, ikerketan lehen urratsak ematen ari diren gazteak zein ibilbide luze eta oparoa egindako profesionalak… horien guztien lanak biltzen ditu, eta haien bizipenak zein ekarpenak jasotzen dira, zientzialarien komunitatea indartuta.
Ikastetxeekin bat
Erakusketan Goierriko zientzialarien lan zehatzik jasotzen ez bada ere, goierritarrek izango dute nola edo hala parte-hartzerik. Izan ere, Ordiziako ikastetxeek bat egin dute ekimen berezi honekin, eta hartara, udalerriko ikastetxeetako neska-mutilek hamabi zientzialariei buruzko ginkanan parte-hartzeko aukera izango dute; emakume protagonisten galdetegi bana banatuko zaie, eta zientzialariak gertuagotik ezagutzeko jarduera ezberdinak egin beharko dituzte ikasleek.
Hain justu, Elhuyar orain sei urte hasi zen egun honen harira tankera horretako jarduerak ikastetxeetan antolatzen, besteen artean, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan.
Aurrerapausoa
Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2016an aukeratu zuen otsailaren 11a nazioarteko egun gisa, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan zezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoari ere bultzadatxoa emateko.
Orduz geroztik lanean dabil Elhuyar elkartea, eta ohi bezala, urte osoan dihardu, STEAM hezkuntzaren bidez, neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatuz, eta horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, proiektu ezberdinen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Zentzu horretan, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, estereotipoak gaindituta. Horretara bidean beste aurrerapauso bat da Ordiziakoa.













