Idiazabaldarren herenak paella bazkaldu du gaur
Paella bazkari herrikoia egin dute Idiazabalen, San Blas egunez. 90 kiloz arroz erabili dituzte bi paella handi egin eta 800 herritarri bazkaltzen emateko.
Paella zerbitzatzen hasi diren momentua, gaur, 14:00ak aldera, Idiazabalgo plazan. Iñaki Gurrutxaga Ohiturazko otordua da Idiazabalen herri bazkari eguna paella. Urteak dira hala egiten dutela, eta aurten ere harrera bikaina izan du deialdiak. 800 idiazabaldarrek bazkaldu dute gaur paella, herritarren herenak baino gehiagok –2.217 biztanle ditu–. Batzuk plazako karpan bazkaldu dute, beste batzuk egoki iritzitako txokoren batean, eta elkarteren batera eta etxera platerekin joandakoak ere asko izan dira. Eguraldia lagun izan dute.
09:00etan hasten da herriko gazte talde bat paella prestatzen, eta 14:00etarako hasten da banaketa. 90 kilo arroz erabili dituzte bi paella handi egiteko –45na kilo bakoitzean–. Bazkalondoa Andoni Ollokiegirekin kantuan pasatuko dute, eta ondoren kuadrillen arteko jolasak egingo dituzte. Gaua klasiko batek girotuko du, Joselu Anaiak talde mitikoak.













