Ioritz Imazek irabazi du aurten ere San Blas txirrindulari lasterketa
Xabier Agirrek egin du bigarren eta Adei Zuriarrain izan da hirugarren. Paella jan herrikoia dute eguerdian eta bihar agurtuko dituzte jaiak, Axariaren igoerarekin.
Ioritz Imaz garaipena ospatzen, udaletxe azpiko podiumean. Josune Zarandona Txirrindulariek hartu dituzte Idiazabalgo kaleak gaur goizean, 37. San Blas txirrindulari lasterketa herrikoiaren aitzakian. Jaietako egun handia ospatzen ari dira San Blas egunez idiazabaldarrak, festen azken txanpan. Lasterketaz gain, paella bazkari herrikoia ere klasiko bat izaten da, eta, Andoni Ollokiegi musikariak girotuta, 800 pertsona bildu dira plaza nagusiko karpapera. Kuadrillen arteko jolasak eta Joselu Anayak taldearen erromeriak osatuko dute gaurko egitaraua.
San Blas eguneko txirrindulari lasterketa herrikoia izan da goizean, ikusmira sortu duen ekitaldietako bat. Ioritz Imaz izan da helmugaratzen lehena, iazko garaipena errepikatuta. Bigarren postua ere, iaz bezala, Xabier Agirrerentzat izan da eta Adei Zuriarrainek egin du hirugarren. Esprint bereziaren saria Odei Agirrerentzat izan da aurten, mendiko saria Ander Gorrotxategik jaso du, Ampo saria Josu Urrestarazuk, gazteenari saria Aritz Lopezek, beteranoenari saria Xabier Intxaustik —iaz bezala— eta lehiakorrenari saria, berriz, Ibai Urkiak. San Blas lasterketan azkenak ere saria izan ohi du eta aurten Gillermo Urrestarazuri egokitu zaio. Guztira, 27 izan dira helduen lasterketan parte hartu duten idiazabaldarrak. Ia hasieratik Josu Urrestarazu izan da buru, baina seigarren buelta amaitzear zela, pelotoiak harrapatu du.
DBH 1. eta 2. mailan Lizar Erguin izan da parte hartzaile bakarra eta kadeteetan Izar Etxezarreta eta Unax Mujika. Hiruek helduekin batera hartu dute parte eta dagokien mailako dominak jaso dituzte. Aipamen berezia zor zaio Etxezarretari, bera izan baita helduen lasterketan parte hartu duen neska bakarra.
100 haur lasterketan
Haurren lasterketan ia 100 izan dira parte hartzaileak. Adinka banatuta LH 1. eta 2. mailako sariak Noa Ziani eta Mendi Erguinentzat izan dira; LH 3. eta 4. mailakoak Irati Maioral eta Xuban Barandiaranentzat; eta LH 5. eta 6. mailakoak Aiora Alberdi eta Irai Zianirentzat. Maila bakoitzeko lehendabiziko hiru sailkatuek trofeoak jaso dituzte saritzat, baina domina eta gozoak izan dira parte hartzaile guztientzat.
Ohi bezala, jende ugari bildu da herriko txirrindularien norgehiagoka bertatik bertara ikustera. Helduen lasterketari 12:00etan eman diote hasiera. Herriko plazatik aterata Benta Txiki eta Ampoko biribilgunetik igarota, zazpi itzuliko zirkuitua osatu behar izan dute txirrindulariek. Laugarren bueltan Amporaino igo dira, eta han erabaki da Ampo sariaren jabea nor izango zen. Haurren lasterketak 11:00etan hasi dituzte eta adinka banatuta hiru ibilbide osatu behar izan dituzte. Farmazia paretik, Arizkorreta futbol zelaitik edo Ampoko biribilgunetik hasita plazara arteko distantziak osatu dituzte bizikletan.
Mahaiaren bueltan
Meza nagusia ere izan da San Migel elizan eta ohiturak hala aginduta, erroskillak ere bedeinkatu dituzte. Birigarro txistulari taldeak kalejira egin du.
San Blas eguna elkartzeko aitzakia ere bada idiazabaldarrentzat eta horren erakusle da, urtetik urtera horren arrakastatsua izan ohi den paella jana. Goizeko 9:00etan hasita jardun dute paella erraldoiak prestatzen, ondoren, izena eman duten 800 pertsonei jaten emateko. Egun horretako beste klasiko bat den kuadrillen arteko jolasek eta Joselu Anayak taldearen kontzertuak borobilduko dute gaurko egitaraua.
Biharkoa, azkena
Bihar, San Blas Txiki eguna izango da jaietako azkena. Musika eskolako trikitilarien Dianak emango dio hasiera egunari, 11:00etan. Ondoren, 12:00etan, hamaiketakoa eta bertso saioa izango dira Plaza Nagusian. Ohiana Iguaran eta Iker Zubeldia dira aurtengo bertsolari gonbidatuak. Santa Ageda bezpera ere izanik, kopla kantuak ere ez dira faltako, Kantu Jira taldeak antolatuta. 17:00etan emango diote hasiera errondari eta Plaza Nagusian amaituko dute. Ordurako postua jarrita izango dute Ataungo talogileek. Axariaren igoera 19:30erako dago aurreikusita. Kantu Jira taldekoek eta musika eskolako ikasleek hartuko dute parte ekitaldian. Eta honekin, agur esango diete Idiazabalen sanblasei, datorren urtera arte.

















































































