Lehen topaketaren ondotik, lanean jarraitzen du Zaintza Mahaiak
Gaur hasi eta hilabete bukaera arte luzatuko dituzte jarduerak.
Zaintzaren inguruan hausnartu eta ikuspegi komunitarioa partekatzeko helburuarekin iragan astean Zaintza eredu komunitario baterantz Ordizian lelopean egindako topaketa irekiaren arrakastaren ondotik, lanean jarraitzen du Ordiziako Zaintza Mahaiak. Hitzordu garrantzitsuz betetako hilabetea dute aurretik, gaur hasi eta hilabete bukaera arte luzatuko baitituzte ekintzak.
Bakardade ez hautatuaren inguruko hitzaldia izango dute gaur arratsaldean eta proiekzio-solasaldi baten bitartez landuko dute auzia. Otsailaren 20an, berriz, suizidioa izango dute hizpide; Biziraun dokumentalaren emanaldia eskainiko dute aurrena, eta gehiago sakontzeko mahai ingurua izango dute gero.
Azkenik, bakardadea eta bestelako sentimenduak ardatz dituen ikuskizuna eskainiko dute otsailaren 27an. Aurreneko bi jarduerak 18:00etan hasiko dira, eta azkena, berriz, 18:30ean. Barrenan egingo dute denetarako hitzordua.













