Mendeurrena ospatzeko, ohiz kanpoko azoka
[ARGAZKIAK ETA BIDEOA] 1926ko otsailaren 2an egin zuten modu ofizialean lehenengo Beasaingo astearteroko azoka. Astelehenean bete ditu 100 urte.
Pilotagintza postua plaza azpian.Laida Goiburu Pasa den astean iragarri zuen Beasaingo Udalak herriko azokak 100 urte beteko zituela eta, ekitaldi bereziak prestatu zituela ospakizun gisa. 1926ko otsailaren 2an egin zen Beasaingo plaza azpian modu ofizialean lehen aldiz gerora astearteroko azoka bilakatuko zena. Modu ofizialean, aurretiko agiriek erakusten baitute XIX. mende amaieran jada baserritarrek plaza azpian produktuak saltzen zituztela. Hala, astelehenean bete du mendeurrena plaza azpiko astearteroko azokak, eta gaurko azoka ohiz kanpokoa izan da 100 urteei keinu egiteko. Asteartero plaza azpian postuak jartzen dituzten baserritar eta ekoizleez gain, hainbat erakusketa egon dira ikusgai.
08:30erako ireki dute azoka, baina goiza nahiko zozo igaro da, eta eguerdi aldera elkartu da jende gehien plaza azpi inguruan. Nekazal lanabesen erakusketa eta azokako argazki zaharren erakusketa egon dira ikusgai. Azken horrek piztu du ikusmira handiena; herritarrak argazkiak eskegita zeuden hesiaren bueltan bildu dira, aurpegi ezagunak edota herriaren bilakaera ikusteko. Kaxolako Iker Markinezek azokako produktuekin prestatutako pintxoak dastatzeko postuak ere jende ugariren arreta piztu du. Bitartean, Loinatz Udal Musika Eskolako trikitilari eta pandero joleek girotu dituzte kaleak musikarekin.
Ohiko ekoizleez aparte, abarkak egiten dituen, haria iruten duen eta pilotak egiten dituen artisau banak postua jarri du, eta bakoitzaren ofizioaren erakustaldia egin dute goizean zehar. Baserritarrei udaletxean eskainitako mokadutxoarekin amaitu da azoka eguna.
Mendeurrenaren egunean, mahai-ingurua
Atzo astelehena, azokak 100 urte bete zituen egunean, Azoka lehen, orain eta etorkizunean mahai-ingurua izan zen Igartzako jauregian, Juantxo Unanua azokako eroslearen, Josetxo Mendia (Zegamako Altzibar baserria) azokako ekoizlearen, Maria Luisa Urrestarazu (Arriarango Ondarre baserria) azokako ekoizlearen, Manex Aranburu Goimen eskualdeko landa garapen elkarteko teknikariaren eta Carmen Gimeno eskualdeko nekazaritza bulegoko buruaren parte hartzearekin, Izaro Iraeta dinamizatzaile zela.













