Patinaia ikastaroa antolatu dute Legorretan, elkarlanean
Probako saioa antolatu dute ostiralerako, hilak 6. Haur, gazte zein helduek izango dute izena emateko aukera.
Legorretako haur zein helduek kirol berri baterako aukera izango dute datozen asteetan, patinaia ikastaroa antolatuko baitute Irristaketa taldeak eta Ugarotarrak guraso elkarteak lankidetzan. Antolatzaileek azaldu dute inoiz patinatu ez duenak ikastea eta dakienak hobetzea dela ikastaroaren helburua,»modu seguru eta dibertigarrian» uztartuta.
Ikastaroarekin hasi baino lehenago, probako saioa antolatu dute ostiralerako, hilak 6. Harripila kiroldegian elkartuko dira parte-hartu nahi duten herritarrak. 2019tik aurrerako (2019a barne) haurren txanda izango da aurrena, 16:30ean, eta gazte zein helduena, berriz, 17:30ean. Ikastaroko taldeak ere mailaren arabera antolatuko dira, baina gutxienez zortzi pertsonak izena eman beharko dute horietako bakoitzean, ikastaroa aurrera atera dadin. Prezioan ere izango du horrek eragina, baina 10 edo 15 euro artekoa aurreikusten da.
Gainerakoan, otsailaren 27tik Martxoaren 27ra bitarteko ostiraletan elkartuko dira, eta kiroldegian bertan egingo dituzte saioak: haurrek 16:30ean eta gazte zein helduek 17:30ean. Ordubeteko ikastaroak izango dira.













