PSE-EEren iritziz, TAO guneen hazkundeak "trafiko tentsioa besterik ez du ekarri"
Beasaingo PSE-EEren bi zinegotziek azken osoko bilkuran kontrolatzaile bat gehiago kontratatzearen aurka bozkatu dute. Eva Alvarez bozeramailearen esanetan, "neurri horrek ez ditu udalerriko aparkaleku arazoak konpontzen".
Eva Alvarez eta Angel Redondo Beasaingo PSE-EEren zinegotziak.Hitza Urtarrileko Beasaingo udalbatzaren osoko bilkuran, PSE-EEk TAO guneetarako kontrolatzaile bat gehiago kontratatzearen aurka bozkatu zuen. Udal talde sozialistak hedabideetara helarazitako ohar baten bidez salatu du TAOrekin “dirua biltzeko grina” dagoela, eta adierazi du TAO guneen hazkundeak “trafiko tentsioa besterik ez duela ekarri”.
Eva Alvarez taldearen zinegotzi eta bozeramailearen iritziz, “neurri horrek ez ditu udalerriko aparkaleku arazoak konpontzen”: “Gehiago erantzuten dio gobernuak dirua biltzeko duen nahiari”.
Oharrean dioenez, urtebete igaro da TAO kontrolatzeko kudeaketa-kontratu berria egin zenetik, eta enpresa esleipendunak eskatu du beste pertsona bat kontratatzea aparkatzea kontrolatzeko. “Lanaldiaren %100ean zerbitzuan kontrolatzaile berri bat sartzeak urteko kostua 41.000 euro inguru igotzea ekarriko luke”. Argi utzi dute ez daudela ados “ezarritako TAO sistemarekin”.
PSE-EEren ustez “beharrezkoa” da “Beasaingo aparkalekua arautzeko eredua birplanteatzea, konponbide errealak eskainiko dituzten irtenbide eraginkor eta adostuen alde eginez”.













